Azken urtotan, Amezketan, lan asko egin da herriaren historia ezagutzeko eta ezagutzera emateko; hau da, liburu batzuk idatzi dira eta udalak doan banatu ditu herritarren artean. Izan ere, histora ezagutzea garrantzizkoa da etorkizuna aurreikusi eta, aurrez eman diren pauso okerrak sahiestuz, etorkizuna eraikitzeko.

Nolanahi ere, historia ezagutzeko argazkiak ere tresna ezin hobeak dira. Argazki orok bidaia bat iradokitzen digu. Hala ere, maiz entzun dugu argazki zaharrak biltzeko izaten diren zailtasunen berri. Garai hartako testigantzaren mezulari ziren argazkiak denok eskura eta ikusgai ez izatea penagarria da.

Galera hori eten nahian, Amezketako Udal Kultura Batzordearen babesean, lantalde bat sortu da eta bere ardura izango da argazki zaharrak jaso, digitalizatu eta altxor modura gordetzea herriko Web-gunean.

Lantaldeak garbi du beraien asmoa ez dela behar bezala gauzatuko herritarron laguntzarik gabe, beraz, animatu eta bultza nahi zaituztegu, zuen argazkietatik edozein motatako argazki zaharrak bildu eta udaletxera ekartzera. (Familiakoak, artzainenak, Buruntzunzingo meategian aritutakoenak, kirolariak…)

Beraz, zuon laguntza behar dugu. Etxean biltzen dituzuen argazkiak ekarri udaletxera eta lantaldea arduratuko da Amezketako Argazkien Udal Artxibategia osatzeaz, eta argazki horiek berriro jabeari itzultzeaz.