20 lagunetik gora bildu ziren atzo Amezketan, “Azken etxea” liburua aitzakia hartuta egin zuten literatura-tertulian
Arantxa Urretabizkaiak hirugarren aldiz bisitatu zuen atzo Amezketako Irakurle Taldea, eta lehen unetik konektatu zuen bertaratu ziren irakurleekin, Amezketako lehen saio hartan buruan iltzatuta geratutako pare bat pasadizo kontatuz hasi baitzuen saioa. Azken urteetako irakurle gehien bildu ziren atzokoan, 20 lagun: batzuk ohiko irakurleak, beste batzuk idazleak berak erakarrita hurbildu zirenak, eta izan zen liburua irakurri gabe ere azaldu zenik ere.
Sarrerako hitzen eta kokapenaren ondoren sartu ziren Urretabizkaiaren azken liburuan, “Azken etxea” liburuan, eta idazleak liburuari buruzko hainbat xehetasun kontatu zituen, irakurleen galderak abiapuntu hartuta: liburuaren hasierako ideia, narratzaile estiloa, liburuko pertsonaia gakoek ezaugarrien zergatia… eta, horrez gain, irakurleek ere eman zuten beraien iritzia. Batez ere, zahartzaroak gogoetatzeko balio izan zuen atzoko tertuliak, eta Urretabizkaiak zahartzaro aktiboaren aldeko mezuak eman zituen, baita amona “ez-entrañablea” izateko eskibudea aldarrikatu ere. Hori guztia, nola ez, beti bezala, jan-edanak lagunduta. Guztira ordu eta laurden inguruko solasaldia izan zen atzokoa.
Atzo bertan zehaztu ziren 2023ko liburu guztiak. Hilabeteko azken astearteetan elkartuko dira Amezketako irakurzaleak, 19:00etan, Kultur Etxeko lehen solairuan, jubilatuen txokoan. Hurrengo liburua Maixa Zugasti tolosarraren “Atarian” izango da, eta idazlearen beraren bisita izango dute otsaileko azken egunean.
Zehaztu zuten aurtengo egutegia ere. Lau astez behin izango dira solasaldiak, eta guztietan idazlearen beraren bisita jasoko dute amezketarrek:
  • Maixa Zugasti Muñoa: “Atarian”, otsailaren 28an.
  • Joseba Sarrionandia Uribelarrea: “Munduari bira eman zion ontzia”, martxoaren 28an
  • Kepa Iribar Elizegi: “72 ordu”, apirilaren 25ean
  • Nerea Ibarzabal Salegi: “Bar Gloria”, maiatzaren 23an
Amezketako Irakurle Taldeko kideek gonbidapena luzatu nahi die herritarrei, baita irakurleei eta kuriositatea duten guztiei ere, ez baita literaturan aditua izan behar bertaratzeko.