2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 101 emakume eta 11 haur erailak izan dira Euskal Herrian. Zenbaki onartezin honen atzean izenak eta izanak daude. Erauzitako bizi proiektuak. Bereziki memorian gorde nahi ditugu, 2021ean zehar erail dituzten Erika Tavares, Conchi Gonzalez, Aintzane Pujana, Maria Pilar Berrio Jimenez eta Miarritzeko 75 urteko bizilaguna.

 

Urte honetan ere bereziki aipatu nahiko genuke, izebergaren punta diren erailketa hauetaz gain, ohikoak bilakatu direla gizonezkoek taldean egiten dituzten bortxaketei buruzko salaketa publikoak. Hala ere, eraso bakoitzaren aurrean, hauek salatu dituen Mugimendu Feminista saretu bat atera da kalera. Gaurko egunean ere, talde hauen lana eta ezinbestekotasuna azpimarratu behar dugu.

 

Urte luze hauetako lana izan da Indarkeriari maskara kentzea. Ez da lau zororen kontua. Sistema patriarkal sendo baten ondorioa baizik. Indarkeria matxistei buruz egindako makro-inkestak datu larria mahai-gaineratu zuen: bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar.

 

Istanbulgo Hitzarmena ekarri nahi dugu gogora, urte luzeetan zehar Mugimendu Feministak egindako Indarkeriaren ikuspegi zabalpena bildu zuen lehen tresna loteslea. Hitzez hitz esaten du “emakumearen aurkako indarkeriagatik” ulertu beharko dela giza eskubideen urraketa bat eta emakumeen aurkako diskriminazio modu bat, eta generoan oinarritutako indarkeria-ekintza guztiak izendatuko direla, emakumeentzat kalte edo sufrimendu fisiko, sexual, psikologiko edo ekonomikoak dakartzatenak edo eragin ditzaketenak, ekintza horiek egiteko mehatxuak barne, hertsapena edo askatasuna arbitrarioki kentzea bizitza publikoan edo pribatuan.

 

Azaroaren 25ean, nazioarteko tresna lotesle hau aintzat hartuta, emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela adierazteko eguna da, eta, hori ez ezik, indarkeria sorrarazten duten eragile guztien aurka ere bagaudela esatekoa. Bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudelako.

 

Indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna da, jendartean normalizatuen dauden sotilenetatik hasita, hala nola ukitzeak; ahozko lizunkeriak; publizistek eta mass-mediek emakumeen gorputzari ematen dieten erabilerak; mezu eta adierazpen sexistak; janzkera, jendarte-sareen erabilera edo lagunartea kontrolatzea, eremu publikoa (eskolako patioak, jolastokiak, parkeak) askatasunez okupatzeko zailtasunak; edota emakume eta gizonen arteko berdintasuna zuzenean erasotzen dituzten administrazio-erabakiak. Bigarren estadio batean, sexu-erasoak eta eraso fisikoak egongo lirateke, eta, esparrurik bortitzenean, erailketak.

 

“Normaltasunera” bueltatzen ari garela zabaltzen ari den egun hauetan, Indarkeria Matxista pairatzen duten horientzat, ordea, ospatzeko normaltasunik ez dagoela adierazi beharrean gaude.

 

Gutariko bakoitzari dagokigu egoera hori aldatzea, eguneroko zereginetan hasiz, gure inguru hurbilenean jardunez. Eta gure kasuan, Amezketako Udaletik horretarako beharrezkoak diren baliabide tekniko, ekonomiko eta politikoak aktibatzeko konpromisoa hartu behar dugu, berdintasun-unitateak sustatuz eta haiei laguntza eskainiz, berdintasun-teknikarien egonkortasuna edo kontratazioa bultzatuz, edota emakumeen parte-hartzerako guneak sustatuz hala nola, emakumeen etxeak eta txokoak, ahalduntze-eskolak, jai parekideak eta abar.

 

Guzti honengatik, indarkeria matxista gertakarietan funtzionamendu protokoloek erabiltzen dituzten mekanismo guztiak egokiak izatea da giltza; beti ere, indarkeria mota hau pairatzen duten emakumeen ahalduntzea helburu duten ikuspuntu batetik. Horretarako, instituzio publikoez gain, gai honetan adituak diren pertsonen eta mugimendu feministen parte hartzea  beharrezkoa da ezarritako protokoloekin lagundu dezaten, eta azken batean, berdintasunezko etorkizun baterantz abiatu gaitezen.

 

Nabarmendu nahi dugu, azken aldian, sare sozialetan eta espazio publikoetan, kide feminista askoren kontrako jazarpen handia ari garela ikusten. Ez da kasualitatea. Espazio publikoa hartu eta diskurtso eraldatzaileak mahai gaineratzen dituzten emakume feminista hauek jazartzea, antolatutako gorroto eta indarkeria matxista kanpaina baten ondorioa da. Eremu digitalean gertatu diren jazarpen kasu hauek gutxitzera jo izan dugu, baina duten garrantzia eta emakume hauen jarduna eteteko duen asmoa salatzeko garaia da. Horregatik, lerro hauek erabili nahi ditugu, espazio horietan dauden kideei haien lana eskertu eta alboan gaituztela esateko.

 

Mugimendu Feministak, egun honen bueltan antolatuko dituen mobilizazioetan eta ekimenetan parte hartzeko deia egiten amaitu nahi ditugu lerro hauek.

 

PROPOSAMENA:

 

1.- Amezketako Udalbatzar honek Jai giroan eman litezkeen erasoei erantzuteko eta hauek prebenitzeko protokoloa berritzeko/sortzeko, eta hau Mugimendu Feministarekin eta Jai Batzordearekin batera egiteko konpromisoa hartzen du.

 

2.- Amezketako Udalbatzar honek indarkeria matxistarekin zerikusia duten baliabide, zerbitzu eta prozedura guztiak, administratiboak nahiz judizialak, publikoak, doakoak eta ez diskriminatzaileak direla bermatuko du / bermatzeko dei egiten du.

 

3.- Amezketako Udalbatzar honek, neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jabekuntza jarduerak abian jarriko ditu, hainbat gai jorratu ahal izateko, besteak beste, bikote harremanak eta harreman sexu-afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitate libreak, etab., 10 urtetik gorako neskei eta nerabeei zuzendutako autodefentsa feministako tailer iraunkorrak ere jasoz.

 

4.- Erakunde honetatik, hau da, Amezketatik, borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.

 

ADIERAZPEN HAU AMEZKETAKO UDALBATZARRAK AHO BATEZ ONARTU ZUEN 2021eko AZAROAREN 25ean EGINDAKO OSOKO BILKURAN.