Aspalditik dator Amezketan bidegorri bat egiteko eskaera. Adinekoak, haurrak bizikletaz, kirolariak… auto eta kamioiak abiadura handian joaten diren errepide bazterrean ibiltzen dira, arrisku handiak hartuz. Ugartetik herrira etortzeko ere, gaur egun, oinez edo bizikletaz ezin da etorri arrisku handi horiek hartu ezean. Aurreko osteguneko plenoan, zinegotzi guztien baiezkoarekin, proiektuari eta hau finantziatzeko akordioari onespena eman zitzaion. Ez da bide erraza izan eta asko luzatu da, baina azkenean lortu da bidegorria Amezketan. Hona hemen proiektuak izan duen ibilbidea:

2008an Gipuzkoako Foru Aldundiak ur saneamenduaren hodia sartu behar zuela eta, lan horiek egitean gainean bidegorria egiteko aprobetxatzeko eskatu zitzaion Amezketako Udaletik. Orduan proiektua oso aurrera joan bazen ere, krisi ekonomikoa etorri zen eta bertan behera gelditu zen.

2018an Amezketako Bidegorriaren Aldeko Plataformak, berriro gaiari heltzeko garaia bazela iritzita, sinadura bilketa bat egin zuen 500 sinaduratik gora bilduz. Udalak Foru Aldundiari berriro gaiari heltzeko eskatu zion eta 2008ko proiektua zaharkituta zegonez, lege berriak kontuan hartuz, proiektua eguneratu beharra zegoela esan zuen Aldundiak. 2020an iritsi zen proiektu eguneratua eta geroztik 3 arlotan aritu da lanean Udala:

1-Proiektua hobetzea: Lan hauek egingo direla aprobetxatuz, Ur kontsortzioak Ugartera doan edateko uraren hoditeria guztia berrituko duela adierazi zuen. Udalak bere aldetik, lan hauek Ugartera gas hodia pasatzeko aprobetxatzea erabaki zuen Ugarteko herritarrek ere gas zerbitzua izan dezaten eta azkenik, Bartolome Deuna kalea zulatzen denean, dagoeneko zaharkituta dauden baldosak kendu eta asfaltatzea.

2-Bestalde, lurjabeekin negoziaketak martxan jarri zituen Udalak eta proposamen ekonomikoa egokitzat jo ondoren, lurjabeek beste eskaera batzuk egin zituzten. Lurjabe bakoitzak bere eskaera pertsonalak egiteaz gain, eskaera bateratu bat egin zuten: bidegorriarentzat planteatuta zegoen 3,5 metroko zabalera jaistea. Udalak aldundiari eskatu zion lurjabeen eskaera pertsonalak kontuan izatea eta bidegorriaren zabalera 3,5 metrotatik 3 metrotara pasatzea.

Lurjabeen eskaerek eta Ugartera gasa sartzeko erabakiak proiektua berriro eguneratu beharra ekarri zuen eta azkenean guzti hau hartuko du bere baitan:

-Ur Saneamendua herrigunetik Ugartera.

-Bidegorria herrigunetik Ugartera.

-Gas zerbitzua Ugarterentzat.

-Ugarteko ur hornidura berritzea.

-Bartolome Deuna Kalearen asfaltatzea. 

3- Finantziaketa negoziaketak Foru Aldundiarekin: Guzti honek 4.347.672,61€ko kostea du eta noski Amezketako Udalak ezin du bere gain hartu honelako kantitate bat. Hilabete askotako negoziaketaren ondoren, akordio ekonomiko hau lortu dugu Gipuzkoako Foru Adundiarekin eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin:

Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentua (Gipuzkoako Foru Aldundia):

Saneamendu-kolektoreari eta adarrei buruzko kapituluen % 50a.

Gipuzkoako Uren Kontsortzioa:

Saneamendu-kolektoreari eta adarrei buruzko kapituluen % 50.

Edateko ura hornitzeko sare berriaren kapituluaren %100.

Amezketako Udala:

Oinezkoen bizikleta bideari buruzko kapituluen %45.

Gas-sare berriari buruzko kapituluen %100.

Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentua (Gipuzkoako Foru Aldundia):

Oinezkoen bizikleta-bideari buruzko kapituluen % 55

Beraz, guzti hau kontuan izanda, honela gelditzen da laburpena:

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak 3.240.272,53 euroko inbertsioa egingo dute eta Amezketako Udalak 1.107.400,07 eurokoa.

Udalak jarri beharreko dirutik, legealdi honetan 460.000 euro aurreratu ditugu, beraz, hurrengo urtetik aurrera 647.400 euroko ekarpena egin beharko du Udalak. Kopuru hau oraindik ere gehiago txikitzeko asmoarekin, diru-laguntza ezberdinetara aurkeztuko dugu proiektua.