Igande honetan, maiatzak 8, ospatuko da Gipuzkoako Erroten Egunaren lehen edizioa eta Pello Zabala gunea kokatzen den Ieraregibizkar errota ospakizun horren partaide izango da

 

Gipuzkoako 33 udalerri ezberdinetan 40 jarduera ospatuko dira errotagintzaren inguruan. Denetarik izango da: topaketa, hitzaldiak, ate irekiak, talo janak, erakusketak, aurkezpenak, ekitaldiak, bisita gidatuak, tailerrak, ibilaldiak, erromeriak, etab. eta historiaren , ingurugiroaren , teknologiaren eta energiaren erabilera ezberdinen bidez , ehundaka urteren buruan gizarteak eta paisaiak jasandako aldaketak aztertuz, herritarrei errotak eta industria Ondarea hobeto ezagutzeko aukera eskaintzea da Gipuzkoako Erroten Egunaren xedea

 

Errotak oso garrantzitsuak izan dira mende askotan Gipuzkoako garapen sozial, ekonomiko eta industrialean. Lurraldearen antolaketaren eta giza jardueraren adierazpide esanguratsuenetako bat dira, gizakiak bere ingurunearekin dituen harremanei nahiz iraganeko bizimoduei eta kulturei buruz oraingoekin hitz egiten duen ondare adierazgarria.

 

Ura, haizea, marea, artoa, garia, garagarra, irina, zahia, laka, hautsa, taloa, morokila, ahia, galbahea, aska, errotarria, turtukia, antepara, presa, markak, pisua, hargina, arotza, astoa, bertsoa, pasadizoa, kondaira, elektrizitatea, papergintza, zerrategia, sutegia, kanoia, buztina, txikoria, sagardoa, txokolatea, bolbora, ehuna, larrua, egurra, zementua, karea, igeltsua, tabakoa, zeramika, pizarra, hareharria, teila, berniza, minerala … hitz horien eta beste askoren atzean gure lurraldeko errotak daude ezkutaturik.

 

Zehazki, Pello Zabala gunean, eguerdiko hamabietatik ordubietara, bisitarientzat Ieraregibizkar errota ezagutzeko aukera egongo da, eta taloak egiteko eta jateko aukera izango da.

 

20 lagunentzako lekua besterik ez dago, beraz, erreserba egitea beharrezkoa da, 657370156 telefonora deituta edo pellozabalagunea@amezketa.eus helbidera idatzita.

 

Hona hemen Gipuzkoako Erroten Eguneko informazio osagarria: Gipuzkoako Erroten eguna- programa