Amezketako Udalak 2023. urtean 1.668.280 €ko aurrekontua izango du, eta horietatik, 620.000 €, guztiaren % 37,16, azpiegitura berriak sortzeko edo daudenak hobetzeko erabiliko dira, zehazki eta nagusiki bidegorri berriaren hasierako lanetarako eta saneamenduko lanetarako. Honelaxe onartu berri du Udalbatzarrak, abenduaren 22an, egindako ez ohiko bilkuran, aho batez. Esan baitere, 2022ko aurrekontuarekin alderatuz, 2023koa % 20 gutxiago dela.

 

Udalbatzarrak hasierako onespena eman dio 2023ko Aurrekontuari, eta egunotan Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean onespenaren iragarkia argitaratzen denean, aurrekontuaren espedientea denen ikusgai jarriko da Udaletxean, 15 lanegunetan, eta amezketar guztiek aukera eta eskubidea izango dute Udalaren kudeaketa ekonomikoaren nondik norakoak jakiteko, eta baitere, egoki ikusiz gero, iradokizun eta erreklamazioak egiteko.

 

2023an 2022koa baino aurrekontu txikiagoa izatearen arrazoia da dagoeneko Amezketako saneamenduaren eta bidegorriaren egitasmoaren gauzatzea eta horren egutegia argitu direla. Gipzukoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak joan zen astean egitasmo hori behin betikoz onartu zuen eta aurreikusitako egutegiaren arabera lanak, ondobidean, irailean hasiko lirateke. Ondorioz, Udalari, bere aurrekontuetan jaso behar duen kopurua, 270.000 €, ez da horren haundia; 2024, aldiz, gasturako esfortzu haundiena izango da.

 

Amezketako 2023ko Aurrekontuak bi helburu edo ildo nagusi ditu. Lehenengoa, eta azken urteotan bezalaxe, herriko azpiegiturak hobetzen jarraitzea izango da. 2022ko Aurrekontuan Amezketako bidegorriaren eta saneamenduaren lanak burutzeko diru-kopurua aurreikusi zen baina Aldundiak uste baino denbora gehiago behar izan du gauzatze-proiektua eguneratzeko, beraz aurreikuspen horiek ez dira gauzatu. Oraingoan berriz, Aldundiak bere 2023ko Aurrekontuan behar diren diru-kopuruak jaso ditu eta lanak 2023an hasiko direla agindu diote Udalari. Bidegorria burutzea Udalaren ardura izanik, udal aurrekontuan 2023an 350 mila euro jaso dira eta 2024. urterako konpromezuzko kreditua onartu da, 750 mila eurokoa.

 

Herriko beste azpiegituren hobetzeari dagokionez, azpimarratu behar dira, baitere, urte honetarako herriko pilotalekuak txukuntzeko 40 mila euro jaso direla eta beste horrenbeste rokodromo bat egiteko, 2022an ezin izan delako egin. Bestalde, Udalak baserri bideak konpontzeko politikarekin jarraituko du (70 mila euro), eta Aldundiarekin elkarlanean, onura publikoko mendian hobekuntzak egiten jarraituko du, Goilarre programaren bidez (10 mila). Azkenik, aipatu baita ere Udalak Zumadi Eskola hobetzen jarraitzen duela; aurten eguzki plakak eta gasaren azpiegitura jarri dira eta 2023an zenbait txukunketa egingo dira (8 mila euro).

 

Bigarren helburua Amezketako Udalak herritarrei eskeintzen dizkien hainbat zerbitzuen kalitatea mantentzea da. Udalaren eskumena da zabor bilketa egitea edo gaztelekua eta jubilatuen txokoa bezalako zerbitzuak aurrera eramatea eta bakoitzari dagokion gastu kopuruaren bitartez zerbitzu horiek bermatzen dira, udal eraikinen mantenuaren bitartez edo ekintzak antolatuz.

 

Guztion ezagutzarako, beste zenbait udal zerbitzuen kostuen aurreikuspenak jartzen dira jarraian: 3. Adinekoen zerbitzuen atalean, helduentzako etxez etxeko laguntza zerbitzuak 30.000 €ko kostua du, 2022an baino bikoitza; Gazteleku, gazteri eta udako ludotekaren zerbitzuek aldiz 58.000 €ko kostua dute, 2022an baino 8 mila euro gehiago; urtean zehar Amezketan antolatzen diren festa eta ekitaldi kultural guztientzako 55.000 € bideratzen dira, 2022an baino 13 mila euro gehiago, herriko kultur-eskaintza indartzeko asmoz; eta azkenik, aipatu, Udalak euskeraren erabilera, kirolaren sustapena eta Akelok Guraso Elkartearen jarduerak bultzatzen jarraitzen dituela, eta horietarako, ekimen eta dirulaguntza desberdinen artean 44.000 € inguru daude xede honetarako jasota.

 

Udalak baita ere Pello Zabala Gunearen erabilera sustatu nahi du eta horretarako 15.000 euro inguru jasotzen ditu udal aurrekontu berrian. Horrela, Amezketako natur-ondarea eta kultur-ondarea jasotzen dituen gune hau bisitatzeko aukera urte guztira zabaldu da eta edozeinek (herritarrak, bisitariak, eskoletako ikasleak, elkarteak…) aukera izango du hitzordua adostu eta bertaratzeko.

 

Azkenik, azaldu 2022ko Aurrekontuaren prensa-oharrean Aldundiaren eskutik zetorren ekimen baten berri eman zela, Amezketan komunitate energetikoak eratzeko. Egitasmo hori forma hartzen joan da urte honetan zehar eta 2023ra begira behingoz Udaletxean eta Zumadi Eskolan teilatuak erabiliko dira eguzki plakak jartzeko. Horrela, urtarrilean deialdi bat egingo zaie herritarrei azaltzeko eta interesa dutenek izena emateko aipatu komunitate energetiko horietan parte hartu ahal izateko, norbanakakoen fakturan aurrezpen txiki bat lortzeko helburuarekin.

 

Amaitzeko esan, urtero udal arduradunek gogorarazten duten moduan, Udala prest dagoela, diru publikoa zertan erabiltzen den edozeini behar diren azalpen guztiak emateko, herritarren diruaren kudeaketa gardena izan behar baita; edozein amezketarri gonbitea egiten zaio, jakinmina izanez gero, udaletxera gerturatzeko eta behar dituen azalpen guztiak jasotzeko.