Azken hilabeteetan Amezketako udala etxebizitzaren gaia lantzen aritu da herriko gazteekin. Lanketa honetan gazteen nahiak entzun eta herrian ze aukera zeuden aztertu da. Honi esker, etxebizitza berriak egiteko proiektu batzuk martxan jarri dira, eta orain proiektu bakoitzak bere bidea egin behar du.

Udalak gai honen inguruan lanean jarraitu nahi du, eta oraingoan alokairuan jarri nahi du arreta. Badakigu badirela Amezketan alokairu bila dabiltzan gazteak. Arazo bat dute ordea, ez baitago alokairurako ia eskaintzarik herrian. Honen aurrean, herri handiagoetan bilatzen dute alokairuaren aukera.

Zorionez, honek badu irtenbidea, izan ere, Amezketan 126 etxe huts daude, eta hauek alokairura ateratzea bultzatu nahi du udalak. Badakigu etxe hauetako asko ez daudela bizitzen jartzeko prest, baina alokairura bideratzeko etxeetan obrak egiteko diru laguntzak daude, eta hauek eskuratzeko erraztasunak jarri nahi ditu udalak.

Guzti honegatik, eta Amezketako gazteek herrian bertan alokairurako aukera izan dezaten, udalak hurrengoa adierazten du:

-Dei egiten diegu etxe bat alokatu nahi duten herriko gazteei udalera deitu eta izena eman dezaten.

-Dei egiten diegu etxe huts bat eduki eta hau herriko gazteei alokatzeko interesa izan dezaketen jabeei udalera deitu eta izena eman dezaten.

-Udalak harremanetan jarriko ditu etxe jabeak eta herriko gazteak.

-Gai honek etxejabeei zalantza asko sortzen dizkie (zein pauso jarraitu behar diren, eskakizun legalak, beraien eskubideak, prezioak…), horregatik, Amezketako udalak aholkularitza pertsonalizatua eskainiko die zalantzak dituzten etxejabeei eta zein aukera dituzten azalduko diegu.

Besterik gabe, etxejabeak animatu nahi ditugu dituzten zalantzak argitzeko udaletxera lasai deitzera.

AMEZKETAKO UDALA