Amezketako Udalak Errekaldetik Mendikora doan bidea asfaltatzeko lanak abiatuko ditu datozen asteetan, Arrondo auzoko lehen sektoreko ustiategietarako sarbidea hobetzeko helburuarekin.
Amezketako lehen sektoreko ustiategi handienetako hiru Arrondo auzoan kokatzen dira, eta hirurek arazo bera dute egunerokotasunean: elizaren ondoko estugunea igarotzeko zailtasunak izaten dituzte ustiategietara doazen traktore eta kamioi handiek.
Arazo horri irtenbidea emateko, Amezketako Udalak aukera desberdinak aztertu ditu, bideetan aditua den ingeniari baten laguntzarekin. Azterketaren ondorioz, irtenbiderik egokiena Errekaldetik Mendikora doan bidea asfaltatzea dela ondorioztatu da. Lanak hasteko dena prest dago dagoeneko, eta datozen asteetan jarriko ditu martxan Udalak.
Gainera, jarduketa hori aprobetxatuz, Ur Kontsortzioak Mendikoko ur deposituak sortzen dituen ur zikinak bideratzeko saneamendu-hoditeria ere ezarriko du, asfaltatze-lanekin batera.
Jarduketa hau Amezketako Udalak azken urteetan herriko lehen sektoreko ustiategien egunerokotasuna errazteko eta haien lan-baldintzak hobetzeko duen konpromezuan emandako beste pauso bat da.


