Amezketako Udalak 2026. urtean 1.922.221 €ko aurrekontua izango du; hala onartu zuen Udalbatzarrak abenduaren 29an egindako ohiko osoko bilkuran, aho batez. Udalbatzarrak hasierako onespena eman eta gero, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean onespenaren iragarkia argitaratu da, aurrekontuaren espedientea denen aurrean ikusgai egon da udaletxeko bulego nagusian.
Aurrekontuaren egitura bi ataletan banatzen da: diru-sarrerak eta gastuak. Diru-sarreren atalari dagokionez, ia % 74 Gipuzkoako Foru Aldundiko Udal Finantzaziorako Fondotik eta beste administrazio publikoetako dirulaguntzetatik datoz, % 25 udal zerga eta tasetatik, eta azkenik % 1,26 bestelako sarrerak dira. Gastuaren atalean, berriz, kapituluka proportzioak honakoak dira: % 24 inguru udal langileen ordainsariei dagokio, ia % 36 ondasun eta zerbitzuei (argindarra, gasa, ura, adinekoen etxez etxeko laguntza zerbitzua, jubilatuen txokoko memoria eta gimnasia tailerrak, gaztelekua, baserri bideen bazterren garbiketa zerbitzua, herriko berdeguneetako lorezaintza zerbitzua, zabor bilketa eta abar luze bat), ia % 10 pasatxo diru- transferentzia edo dirulaguntzak dira (Akelok Guraso Elkartea, Zazpitturri Pelota Eskola, Elordi Jubilatu Elkartea, Ataria, Galtzaundi, Harituz Bertsozale Elkartea, Tolosaldeko Zaborren Mankomunitatea, Enirio-Aralar Mankomunitatea…) eta azkenik, inbertsiotarako aurrekontuaren % 26,5 erantsi behar zaio.
Amezketako 2026ko Aurrekontuako inbertsioetan herriko hainbat azpiegitura eta zerbitzu hobetzeko lanak aurreikusi dira. Alde batetik, herriko zerbitzu funtsezkoak ematen diren eraikinetan hobekuntzak egiteko partidak daude. Adibidez, Zumadi eskolan hobekuntzak egiten jarraitzeko 15.000 euro aurreikusi dira, Haurreskolako zorua berritzeko 40.000 euro eta mediku etxean leiho berriak jartzeko 6.000 euro.
Baserri bideetako partidak igoera nabarmena izango du 2026an, izan ere, orain arte urtero 70.000 euro bideratzen baziren ere, aurtengoan 170.000 euro bideratu dira baserri bideetara, hobekuntza esnguratsuak egiteko helburuarekin. Gainera, Arrondo auzora doan bidean, eliza ondoan, sortzen den estuguneak sortzen dituen arazoei irtenbide bat emateko, Errekaldetik Mendikora bide berri bat eraikitzeko proiektua martxan jartzeko asmoa du Udalak, horretarako 166.000 euro bideratu direlarik. Honez gain, baserri bideetako hainbat puntu arriskutsutan istripuak eragozteko hesiak jartzeko 20.000 euro ere aurreikusi dira. Aralarrera doan bidea hormigoitzen jarraitzeko ere 15.000 euroko partida sortu da.
San Martingo etxolan ere hobekuntzak egiten jarraitu nahi du Udalak eta horretarako 10.000 euroko partida sortu du etxolaren hoditeria eta argitzapena hobetzeko.
Ugarte auzoaren kasuan, 35.000 euro bideratu dira, alde batetik frontoiko teilatuko plastikozko xaflak berritzeko eta, bestetik, aparkaleku faltari irtenbide bat emateko lanean jarraitzeko. Aurreko urtean hainbat puntu aztertu zituen Udalak aparkaleku bat egiteko eta Ur Agentziarekin lanean jarraitzen dugu, uholdegarritasun arriskua baita Ugarten azpiegitura berriak egiteko oztopo nagusia.
Jubilatu elkartearen ekimenez Amezketarako erraldoiak egiteko proposamena jaso genuen eta hau errealitate bihurtu ahal izateko 10.000 euro bideratu dira.
Estankoko eraikineko lokalari dagokionez, oraingoz izango duen erabilera guztiz zehaztuta ez badago ere, diru laguntzak lortu dira eta diru hau aprobetxatu da, ematen zaion erabilera edozein dela ere, beharrezkoak izango diren igeltseritza lanak egiteko (zorua, paretak, sabaia…). 2026an bigarren fase bat egingo da, kristalerak, klimatizazioa eta aireztapena egingo direlarik, eta horretarako 120.000 euro bideratu dira.
Adinekoen eta ezinduen zaintza egiten duen etxez-etxeko zerbitzua bideratzeko partidak ere igoera handia izan du azken urteetan, erabiltzaile kopurua asko handitu delako.
Zaborren kudeaketagatik Tolosaldeko Mankomunitateari ordaindu beharreko kopurua ere asko igo da, gastua 93.000 eurotara iritsi delarik. Esan beharra dago, hondakinen lege berriak, Udalok erabiltzaileei zerbitzuaren koste osoa kobratzera behartzen gaituela, eta kuotaren igoera horren ondorio dela. Esan beharra dago hala ere, zenbat eta hobeto birziklatu, zaborren kudeaketa kostea jaitsi egiten dela, beraz, erabiltzaile guztion esku dago birziklapena ondo egitea eta tasak baxuagoak izatea.
Festetako eta Kulturako partidak ere igoera handia izan du, 60.000 eurotatik 100.000 eurotara igaro delarik. Partida honetatik ordaintzen dira Amezketako festak, Ugarteko festak eta urtean zehar egiten diren kultur ekitaldi guztiak (mondeju azoka, kontzertuak, azaroko azoka berezia…)
Irisgarritasunean ere pauso bat gehiago eman nahi du Udalak eta 40.000 euroko partida bat sortu du helburu honetarako. Oinezkoentzat toki seguru eta erosoak sortzea izango da lan hauen helburua, adibidez, espaloiak konponduz edota gaizki aparkatutako kotxeek haur, adineko edota ezinduei sortzen dizkien arrisku egoerak saihesteko neurriak hartuz.
Honez gain, gimnasioan makinak berritzen joateko ere 10.000 euro bideratu dira.
Legez behartuta gauden amiantoaren mapa egiteko ere 5.000 euroko aurreikuspena egin da.
2026an Joxe Mari Oterminen liburu berri bat ere izango da, Amezketa eta artzantzaren loturari buruzkoa, eta hau errealitate bihurtzeko 15.000 euro bideratu dira.
Gainera, aurten Amezketan artile bilketa ere egingo da eta honetara 3.000 euro bideratu dira.
Azkenik, esan, Amezketako Plan Orokorra eta Arau Subsidiarioak berritzeko ere prozesua martxan jarriko dela 2026an eta honetarako 25.000 euro bideratu direla. Honez gain, herriko berrikuntzak errealitate bihurtu aurretik, proiektuak idatzi behar izaten dira eta aurrera begirako proiektuak prestatzen hasteko 15.000 euroko partida sortu da.
Guzti hau, Amezketako Udalak egiten duen kudeaketa ekonomikoagatik da posible, eta azken urteetan Amezketako Udalak diru sarreretan izan dituen hainbat faktore nabarmentzekoak dira:
- Biztanleriaren igoerari esker Foru Funtsetik jasotzen dugun diruak igoera izan du.
- Foru Funtsetik herri txikientzat eman den igoerak sarreretan igoera nabarmena ekarri du.
- Diru laguntzak lortzeko lan handia egin da eta honako emaitzak izan dira: Bidegorria, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, diruz lagundu digute 1.500.000 eurotan; farola guztiak berritzeko 50.000 euroko diru laguntza jaso zen (Erein 2024); Estankoko lokala erosi eta obra egiteko 250.000 euro jaso dira Aldunditik eta Jaurlaritzatik; Larrondoko basoetan lanak egiteko 41.000 euroko laguntza; Baserri bideak konpontzeko 35.000 euroko diru laguntza;…
Proiektuak landuz eta diru laguntzetara aurkeztuz emaitza osa onak izan dira eta honek Udalaren ahalmen ekonomikoa handitzen du, proiektu guzti hauez gain, herrirako beste gauza asko egitea ahalbidetuz.
Guzti hau da 2026ko aurrekontuen laburpena baina aurrekontuak osorik ikusi nahi dituenak eskuragarri ditu web orrian eta edozein amezketarri egiten zaio gonbitea, jakinmina izanez gero, udaletxera gerturatzeko eta behar dituen azalpen guztiak emango zaizkio.

