Una nueva economía para la aldea del siglo XXI – Jaime Izquierdo”

Tolomendi Landa Garapen Elkarteak eta Amezketako Udalak antolatu dute liburuaren aurkezpena, Jaime Izquierdo idazlearen Una nueva economía para la aldea del siglo XXI lana ezagutzera emateko. Aurkezpena azaroaren 27an, osteguna, arratsaldeko 19:00etan, egingo da Amezketako Kultur Etxean.

Liburuak “aldea” kontzeptuaren berrirakurketa bat proposatzen du, XXI. mendeko erronka ekologiko, sozial eta ekonomikoen aurrean. Egileak azaldu du nola landa-ingurunearen gainbeherak —kultura, paisaia eta biodibertsitate arriskuak barne— eragin zuzena duen gizarte osoaren iraunkortasunean.

Jaime Izquierdo Vallina (Infiesto, Asturias, 1958) geologo eta idazlea da, landa-garapenaren, biodibertsitatearen zaintzaren eta herri txikien etorkizunaren inguruko lanagatik ezaguna. Bere ibilbidean lan egin du administrazio publikoan eta ingurumen-politiketan, eta bere lan teoriko eta praktikoak landa-guneen eta hirien arteko harreman berria proposatzen du.

Idazle emankorra da, eta besteak beste ondoko lanak argitaratu ditu: La casa de mi padre, La ciudad agropolitana, La aldea cosmopolita eta landa-garapeneko eskuliburu eta gogoeta-liburu ugari. Halaber, hainbat sari eta aitorpen jaso ditu, naturaren kontserbazioari eta landa-ingurunearen berrikuntzari egindako ekarpenengatik.

Liburuaren gako nagusiak:

  • “Aldeak”, egilearen arabera, ez dira iraganeko eredu bat, baizik eta etorkizunerako aukera estrategiko bat, bioekonomiarekin, energiaren komunitateekin eta ondare kulturalarekin uztartuta.
  • Landa-guneak berritzeko, Izquierdok, ikuspegi integrala proposatzen du: ekonomia lokala, kultura, ekologia eta teknologia uztartzea.
  • Liburuak azpimarratzen du beharrezkoa dela politika publiko koherentea eta administrazio maila guztien arteko elkarlana, despopulazioa eta lurralde-oreka lantzeko.

 

Amezketako Udalak gonbidapena luzatzen die herritar guztiei eta landa-garapenaren gaian interesa duten pertsona eta eragileei. Ekitaldiak aukera paregabea eskaintzen du egilearekin zuzenean solasteko eta gure lurraldearen etorkizunaz hausnartzeko.

(Oharra: idazlearen partehartzea gazteleraz izango da, gainerako partaideena euskaraz, noski.)