Duela aste batzuk, herriguneko hainbat errepidetan lurreko seinalizazioa berritu zen. Besteak beste, marra horiak margotu ziren zenbait gunetan, eta horrek esan nahi du bertan aparkatzea debekatuta dagoela.
Oroitarazi nahi dugu marra horidun guneetan eta debekatutako beste espazio batzuetan aparkatzeak oinezkoen, bizilagunen eta bereziki mugikortasun urriko pertsonen irisgarritasuna eta segurtasuna oztopatzen duela. Irisgarritasuna eskubide bat da, eta guztion ardura da bermatzea.
Halaber, gogorarazten dugu debekatuta dagoela zenbait garajeren aurrean aparkatzea. Horrelako jokabideek oinezkoen pasabidea oztopatzen dute, eta askotan oinezkoek (haurrak, adinekoak edo gurpildun aulkian doazen pertsonak barne) espaloitik errepidera jaitsi behar izaten dute pasatu ahal izateko, arriskua handituz.
Aipatu baita ere, autobusaren joan-etorriak betiko ibilbidera itzuliak direla dagoeneko, eta gidariak askotan ari direla oztopoekin topatzen herri barruan, gaizki aparkatutako ibilgailuen erruz.
Ogi-berriko dendatik Zubeldianerako errepide zatian, esaterako, zebra-bide bat dago, eta ume askok zeharkatzen duen gune hau arriskutsua da, batez ere gaizki aparkatutako autoek ikusgaitasuna oztopatzen dutenean. Segurtasuna hobetzeko asmoz, Udalak lurreko seinalizazioa egokitu du, distantziak handituz eta ikusgarritasuna hobetzeko neurriak hartuz. Hala ere, jendeak behar ez den tokietan aparkatzen jarraitzen badu, aldaketa horiek ez dute bere helburua beteko. Horregatik, puntu hau bereziki azpimarratu nahi dugu, umeen eta oinezkoen segurtasuna arriskuan jar daitekeelako.
Bide batez, azpimarratu nahi dugu elbarritasuna duten pertsonentzat erreserbatutako aparkalekuak errespetatzea ere ezinbestekoa dela. Aparkaleku hauek ezinbestekoak dira pertsona hauek modu autonomoan mugitu ahal izateko, eta horiek okupatzea eskubide urraketa larria da.
Horregatik, dei egiten diegu auto-gidariei seinaleztatutako arauak eta eremu guztiak zorrotz errespetatzeko. Debeku hauek ez betetzeak isunak eta bestelako neurriak ekar ditzake.
Guztion bizikidetza, irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko, eskertzen dugu zuen arduraz jokatzeko prestutasuna.