Azken urteetan bezala, Larrondoko larre publikoetan hobekuntzak egiteko lanak egiten jarraitu dugu Gipuzkoako Foru Aldundiko Goilarre programaren baitan. Aurtengoan bi atal nagusi izan dituzte lanek: garo xehaketak eta ur horniduraren hobekuntzak.

Xehaketei dagokienez, uztailean burutu ziren lanak, eta esan behar da, urtez urte egiten ari den jarraipenari esker, urtero  denbora eta diru gutxiago kostatzen direla xehaketa hauek. Hurrengo urteetan ere lan hauei jarraipena emateko helburua daukagu.

Ur horniduraren hobekuntza lanek izan dute aurten pisurik handiena. Hasteko, larrondoko larre publiko zein pribatuak urez hornitzen dituen iturburuan txukunketa lanak egin ziren, hauen egoera hobetu eta etorkizunera begira iturburuen mantenua hobetzeko helburuarekin.

Jarraian Inpernuerrekako bidean hormigoizko aska berria jarri zen, lehen zegoena baino apur bat gorago, bertan sortzen den lokatz pilaketa hobetzeko helburuarekin.

 

Hurrengo pausoa ura gordetzeko funtzioa beteko duten 10.000 litroko 2 depositu jartzea izan zen. Depositu batetik aska publikoa hornituko da eta bestetik partzela pribatuak hornituko dira. Instalazioa egin den moduagatik, lehenengo aska publikoa hornituko duen depositua beteko da eta behin hau beteta dagoenean, azkeneko hontatik sobratzen denarekin beteko da partzela pribatuak hornituko dituen depositua. Bi deposituak beteta daudenean urak iturburutik behera naturalki egingo lukeen bidea egiten jarraituko du Inpernuerrekaruntz.

Ondoren depositu berrietatik aska publiko zein partzela pribatuetara zegoen tuberia sistema osoa berritu zen. Bi tubo pasa ziren, bata aska publikora doana eta bestea partzela pribatuetara doana. Partzela pribatu bakoitzaren sarreran arketa bana jarri zen ur kontagailuarekin eta lur mugimendu guztiak amaitutakoan belar hazia bota zen.

Amaitzeko, eta depositu berriek beraien funtzioa ondo bete ahal izateko, lur jabeek beraien partzela ondoan jarritako arketan ur konexioa egin eta aska berriak jarri dituzte flotagailuarekin.

Lan hauek Larrondoko ur hornidura bermatuko dute, 20.000 litro pilatzeko gaitasuna irabazi delarik. Gainera, tuberia berriak jarrita ur ihesak nabarmen gutxitzea ere ekarri dute. Hurrengo urteetan, berritu gabe gelditu diren trazatuak berritzea izango da erronka.