Urtero legez, eta ikasturtearen hasierarekin batera, aurtengoan ere Amezketako Udalak 2022-2023 ikasturtean euskara ikastaroak sustatu eta antolatu nahi ditu.

 

Ikasturte berriari begira, azken urteotan bezalaxe, Amezketako Udalak oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako euskara ikastaroen eskaintza zabala egiten du. Europako hizkuntzen markoaren arabera, oinarrizko mailak A1 eta A2 dira, euskeraren ezagutzaren hastapenetan daudenentzat; B1 eta B2 aldiz, erdiko mailakoentzat dira, eta B2 landu ondoren 2. Hizkuntza Eskakizuna titulua eskura daiteke, lanbide askotarako aproposa; azkenik, C1 eta C2 maila aurreratuak daude, eta C2 landu ondoren 3. Hizkuntza Eskakizuna (lehen EGA titulua zena, gaur egun jada desagertuta) eskura daiteke, maila goreneko ikasketen lanbideetarako erabat beharrezkoa. Ikusten denez, euskera ikasteko lehen urratsetan edo hastapenetan dabiltzanei ez ezik, Udalak maila nagusietan euskera ikasteko eskeintza ere zabaldu nahi die 16 urtetik goragoko amezketar guztiei.

 

Ikasturte berriari begira, joan zen astean Tolosaldean lanean diharduten Aitzol eta AEK euskaltegiek 2022-2023 ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkeztu dute Alegian. Auzkezpenean, euskaltegi bakoitzak bere eskeintza azaldu du (euskera-mailaren araberako klaseen eskeintzak, matrikulatzeko epeak, euskaltegi bakoitzaren harremanetarako datuak, ea). Hona hemen aipatu aurkezpenaren berri ematen duen esteka: Ikasturte berriaren aurkezpena

 

Euskera ikasi nahi duten amezketarrek aukera izango dute euskaltegi batean edo bestean izena emateko, ondoen datorkien ordutegian eta ikasketa modalitatean, Alegin, Tolosan edo beste euskaltegiren batean. Aurreko urteetan ez bezalaxe, aurtengo ikasturtean Amezketan ez dira klaseak izango, talde bat osatzeko adina ikasleek izena emango balute ere.

Horregatik, jarraian ikusgai Tolosaldeako eskeintza guztia jasotzen duen diptikoa: Euskaltegietako eskaintza

 

Izena emateko edo matrikula epeak bi dira:

– Klaseak Tolosako Aitzol Euskaltegian jaso nahi izanez gero, irailaren 22 arte izango da epea eta Amezketako Udaletxean egin beharko da izen ematea.

– Klaseak AEKko euskaltegiren batean jaso nahi izanez gero, irailaren 16 arte izango da eta zuzenean AEKn eman beharko da izena eta Amezketako Udalari jakinarazi.

 

Klaseak euskaltegi batean edo bestean jaso nahi izanez gero, Amezketako Udalak matrikulazioaren prezioa bere gain hartzen du, baina horretarako 100€ko fiantza jarri beharko da, izena ematean ordaindu beharrekoa, eta ikasturtearen bukaeran ikasleei bueltatuko zaie, %80ko bertaratzearekin kunplitzen badute (laneko edo gaixotasun arazo ulergarriak alde batera utzita). Neurri honekin Udalak ikasleen konpromezua bermatu nahi du, gerta ohi delako ikastaurtearen hasieran askok izena ematen dutela eta fin hasten direla klaseetan baina gero batzuk utzi egiten dutela, honek Udalari sortzen dizkion antolakuntza eta diruzko kalteekin. Beraz, laburbilduta, klaseetara joan ezkero hauek dohainekoak direla esan behar da.

 

Behin epea amaituta, ikasle bakoitzak izena eman duen euskaltegiarekin egongo da harremanetan klaseak hasteko.

 

Amaitzeko esan, batetik, informazio gehiago nahi izanez gero, lasai Udalera hurbiltzea edo deitzea dagoela (943 653189), eta baitere, Aitzol Euskaltegira (943 651006) eta Andoaingo AEK Euskaltegira (943 591704 edo 688746643), bestetik, herritarrak animatzea, 16 urtetik goragokoak, ikasle, langile nahiz langabetu, euskara ikasteko aukera hau aprobetxatzera,

 

Amezketa herri euskalduna izaten jarraitzea amezketar guztien ardura da, dakitenek erabiltzea eta ez dakitenek ikastea, gero erabili ahal izateko, baina era berean, euskeraz dakitenen ardura da ere ez dakitenei eta ikasten ari direnei bultzadatxo bat ematea, eta pazientziarekin eta modu errezean, tabernan, dendan, plazan… euskeraz ere zuzentzea, ikasten ari direnak animatuz eta bultzatuz.