Amezketako Udalak 2020ko uztailean udalerrian sortzen diren hondakinen kudeaketa eta tratamendua hobetzeko asmoz, hondakinen bilketa sisteman zenbait aldaketa burutu zituen. Besteak beste, konpostguneak kendu ziren eta landa eremuko edukiontzi txikien ordez hondakinen gaikako bilketarako edukiontzi handiak jarri ziren udalerriko hainbat puntutan. Aldaketa nagusia agian, errefusaren eta hondakin organikoaren kudeaketarako sarraila elektroniko dun edukiontziak jartzea izan zen.

 

Aldaketa hauekin hondakinen bilketarako sistema eraginkorragoa eta txukunagoa lortu nahi izan zen, eta horretarako ezinbestekoa zen amezketarren ahalegina eta konpromisoa, Eeinbestekoa baita guztien partaidetza ahalik eta hondakin gutxien sortu eta sortutakoa ongi bereiztea ingurumena babesten laguntzeko.

 

Sistema berria abian sartu zenean, ordea, Udalak ez zituen udalerriko bilketaren behar adina datu zehatz, Tolosaldeako Mankomunitateak (bilketaren ardura duen erakundeak), ez baitzituen maneiatzen eskualdeko herriz herriko birziklapenaren datuak, eskualdeko landa eremuko datu gordinak baizik. 2021. urtearen hasieran, berriz, bilketa sisteman zenbait hobekuntza ezarri zituen Mankomunitateak eta, berriki, joan zen urtean zeharreko eta urte honetako lehen seihilabeteko Amezketako bilketaren datuak eskuratu ditu Udalak, eta herritar guztiekin partekatu nahi ditu.

 

Amezketan guztira 464 txartel daude banatuta, errefuxaren ontzia eta/edo organikoaren ontzia (biohondakina ere deitua) zabaltzeko eta horietatik, 2021ean % 15,7 ez dira inoiz erabili. Amezketar gehienek zaborra gaika biltzeko egiten duten esfortzuaren emaitza 2021. urtean da etxeetan sortutako hondakinen %76,80 gaika bildu dela, datu benetan azpimarragarria eta poztekoa, inguruko herrietan dauden ehuneneko hoberenetakoa baita.

 

Eta 2021an jasotako hondakinen kopuru eta sailkapenari dagokionez, datuak ondorengoak dira:

Interesgarria da baitere jakitera ematea biztanle bakoitzeko sortzen den hondakin kopurua: 2021ean amezketar bakoitzak, bataz beste, 245,92 kg. hondakin sortu zituen, Tolosaldeako bataz bestekoaren azpitik, 302,37 kg. biztanle bakoitzeko, baina hondakin gutxien sortu zuten zenbait herri txikien gainetik.

 

Urte honi dagokionez, dagoeneko Udalak lehen seihilabeteko datuak ditu esku artean eta esan behar da, joan zen urtearekin alderatuz, gaikako bilketa piskat hobeto doala, iaz baino % 1,25 gehiago sailaktu dela, %78,05, eta Tolosaldeako bataz bestekoa %67,27 izanik. Halere, esan behar da, baitere, eskualdeko 4 herritan Amezketan baino datu hobexeagoak dituztela.

 

Urte honetako lehen seihilabetean sortu den hondakin kopuruari dagokionez, esan amezketar bakoitzak 102,46 kg. hondakin sortu dituela, aldiz, Tolosaldean, bataz beste, dagoeneko 148,49 kg. hondakin sortu izan dira.

 

Lerro hauetan datu asko azaldu badira ere, nahi duenak bere hausnarketa egin dezan, Amezketako Udalarentzako ondorio nagusiak hauek dira: batetik, amezketarren esfortzua sortzen diren hondakinak sailkatzeko, birziklatzeko eta geroz eta gutxiago sortzeko txalogarria da, zalantzarik gabe, eta bestetik, gauzak hobeto egiteko oraindik ere marjina dago.

 

Eta amaitzeko, beste behin ere, amezketarrak animatu nahi ditugu bide honetatik jarraitzeko eta hondakinen kudeaketan gauzak hobetzen joateko, maite dugun gure lurraldeak eskertuko baitigu, orain eta etorkizunean.