Urtero legez, eta egungo pandemia egoerari aurre egin nahian, aurtengoan ere Amezketako Udalak 2020-2021 ikasturtean euskara ikastaroak antolatu ditu herrian bertan, Tolosako Aitzol Euskaltegiaren eskutik.

 

Ikasturte berriari begira, iaz bezalaxe, Amezketako Udalak oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako euskara ikastaroen eskaintza egiten du, bai aurrez aurre, bai on line modalitatean, bai autoikasketakoan. Europako hizkuntzen markoaren arabera, oinarrizko mailak A1 eta A2 dira, euskeraren ezagutzaren hastapenetan daudenentzat; B1 eta B2 aldiz, erdiko mailakoentzat dira, eta B2 landu ondoren 2. Hizkuntza Eskakizuna titulua eskura daiteke, lanbide askotarako aproposa; azkenik, C1 eta C2 maila aurreratuak daude, eta C2 landu ondoren 3. Hizkuntza Eskakizuna (lehen EGA titulua zena, gaur egun jada desagertuta) eskura daitezke, maila goreneko ikasketen lanbideetarako erabat beharrezkoa. Beraz, maila nagusietan euskera ikasteko eskeintza zabaldu nahi die Udalak 16 urtetik goragoko amezketar guztiei,

 

Izena edo matrikula epea irailaren 18arte izango da eta Amezketako Udaletxean egin beharko da. Aurten ere, iaz bezalaxe, matrikulak 100€ko kostea du, fiantza modukoa, izena ematean ordaindu beharrekoa, eta ikasturtearen bukaeran ikasleei bueltatuko zaiena, %80ko bertaratzearekin kunplitzen badute (laneko edo gaixotasun arazo ulergarriak alde batera utzita). Neurri honekin Udalak ikasleen konpromezua bermatu nahi du, gerta ohi delako ikastaurtearen hasieran askok izena ematen dutela eta fin hasten direla klaseetan baina gero batzuk utzi egiten dutela, honek Udalari sortzen dizkion antolakuntza eta diruzko kalteekin. Beraz, laburbilduta, klaseetara joan ezkero hauek dohainekoak direla esan behar da.

 

Behin epea amaituta, izena emandako guztiei bilera baterako deia egiten zaie, disponibilitateak eta mailak kontuan hartuta, egutegia, ordutegiak eta taldeak antolatzeko.

 

Amaitzeko esan informazio gehiago nahi izanez gero, lasai Udalera deitzea dagoela (943 653189), Aitzol Euskaltegira (943 65 10 06) edo bertara hurbildu, eta animatu herritarrak, 16 urtetik goragokoak, ikasle, langile nahiz langabetu, euskara ikasteko aukera hau aprobetxatzera,

 

Amezketa herri euskalduna izaten jarraitzea amezketar guztien ardura da, dakitenek erabiltzea eta ez dakitenek ikastea, gero erabili ahal izateko, baina era berean, euskeraz dakitenen ardura da ez dakitenei eta ikasten ari direnei bultzadatxo bat ematea, eta pazientziarekin eta modu errezean, tabernan, dendan, plazan… euskeraz ere zuzentzea, ikasten ari direnak animatuz eta bultzatuz.