Amezketako Udalak Kultur Etxeko bigarren solairuan kokatzen den liburutegiaren espazioa ikasketa gela bezala erabiltzeko aukera zabaldu nahi die 18 urtetik goragoko amezketar ikasle guztiei.

Udala, azken hilabeteetan, Kultur Etxeko zenbait espazio eta zerbitzu herrira zabaltzeko jardunean dabil, eta hauxe da ekimen berria, batibat urte sasoi honetan, azterketa garaian dabiltzan ikasleei zuzenduta.

Liburutegia, ikasketa gela bezala erabiltzeko aukera asteko egun guztietan izango da, astelehenetik igandera, goizeko 8etatik, gaueko 12etara, eta erabiltzaile bakoitzari “giltza inteligentea” utziko dio Udalak, aipatu ordutegiaren barruan, erabiltzaileak nahieran erabiltzeko espazioa.

Erabiltzaile izateko Udaletxean izena eman behar da, inprimaki bat betez eta araudi txiki bat betetzeko konpromezua sinatuz, eta esan zerbitzua dohainezkoa dela.

Aukera hau amezketar ikasleentzako onuragarria izango delakoan dago Udala, eta zerbitzuari buruzko edozein zalantza argitzeko udal telefonora deituta, Udaleko posta elektronikora idatzita edo Udaletxean bertaratuta nahikoa izango da.