Azken hilabeteetan egindako lanak behin burututa, jadanik Kultur etxeko lehen solairuan kokatzen den gimnasio berria zabalduko da eta amezketarrek, martxoaren 18tik aurrera, izena eman dezakete Udaletxean gimnasioa erabil ahal izateko.

Gimnasioan ariketa fisikoa egiteko hainbat aparatu jarri dira (spinning-eko bizikletak, ergometroa, muskulazio makina, eliptikak, zintak, ea.) eta horrela herritarrei aukera ahal den zabalena eskeintzeko ahalegina egin da, beti ere lekuaren espazioak ematen duenari eutsiz. Gimnasioan bazkidetza egin ahal izago dute 18 urtetik goragoko amezketarrek eta erabiltzeko ordutegia goizeko 6.30etatik gaueko 10ak arte izango da. Horrela, bazkide bakoitzak giltza intelijentea izango du (Kultur etxeko sarrerako atea eta gimnasioaren sarrerako atea zabalduko dituena) eta ordutegi horren barruan nahi duenean erabil ahal izango da gimnasioa.

Gimnasioa erabiltzeko prezio publiko ondorengoa da: 60 € urteko, eta 65 urtetik gorako adinduak, 30 € urteko. Hiruhilabeteko bazkidetza ere egin ahal izango da, 20 €koa, eta 65 urtetik gorako adinduentzako, 10 €koa. Halere, dagoeneko martxoa denez, 2019an urte guztirako bazkidetza 50 €tan ezarri da, eta 65 urtetik gorako adinduentzako, 25 €.

Erabilera eta bazkidetzaren kudeaketari dagokionez, garrantzitsua da aipatzea Udalak gimnasioan bazkideen zerrenda jarriko duela denen bistan, erabilera pertsonala delako eta bazkidetza dutenek bakarrik egin baitezakete eta ez beste inork, eta aldizka, udal arduradunak hori horrela dela konprobatzeko ikuskaketak egingo dituzte, gimnasiora bertaratuta. Bestalde, herritarrek, izena ematean, gimnasioaren erabilerarako araudia betetzeko konpromezua sinatu beharko dute, denon onura eta kudeaketa egoki bat mesedetuko duen araudi bat izango dena hauxe.

Amaitzeko, aipatu, martxoaren 18an, astelehena, gimnasioa zabalik egongo dela, goizeko 9tatik arratsaldeko 7,30ak arte, ate irekien jardunaldi gisa, edozein herritarrek gimnasioa ikus dezan, gerora, behin espazioa eta dauden aparatuak ikusita, bazkide izateko aukera hori pentsa dezan.

Esan beharrik ez dago, Udaletik 18 urtetik goragoko amezketar guztiak gonbidatzen ditugula gimnasioa erabiltzera. Gimnasioa abian jartzearekin, eta 2018an jubilatuen txoko berria eta ikasketa gelaren sistema berria jarrita, herriko Kultur etxeko zerbitzuak zabaldu eta herritarrei irekitzeko egitasmoa martxan jartzea lortu da, eta hori oso onuragarria da herriarentzako eta herritarrentzako, zalantzarik gabe.