Herritar estimatuak:

 

Alarma egoera deklaratu zenetik 96 egun eta gero, joan zen ostiralean, ekainak 19, indargabetuta geratu ziren alarma-egoeraren esparruan hartutako neurriak Euskadiko Erkide Autonomoan eta “normaltasun berria” delakoan sartu ginen.

 

Alarma egoeran izan garen 96 egunak ez dira batere errazak izan inorentzat…. Ezin etxetik atera aste batzuetan, senideen osasunaz kezkatuta gutako asko, lanean ere etenaldiak eta galerak, haurrak ere euren heziketa nahastuta… Esan bezala, azken hilabeteak ez dira batere errazak izan amezketarrontzat, baina gaurko egunean harrotasunez esan dezaket Amezketan orokorrean ardurakin eta zintzo ibili garela.

 

Udaletik herritarrak informatzen, laguntzen eta neurriak aholkatzen saiatu gara. Sare sozialak erabili ditugu haur eta gazteak animatu eta dinamizatzeko, gure aiton-amonei deiak egin dizkiegu nola zeuden galdetzeko eta bere osasunaz interesatzeko, musukoak egiteko herri ekimenean ere lagundu dugu, eta udal webgune eta aplikazioaren bitartez hainbat informazio bideratu da. Agian batzuei urruti geratuko zaie jada guzti hau, beste batzuei ez zaie inoiz pasatakoa ahaztuko.

 

Orain ordea aurrera egiten jarraitzeko momentua da, “normaltasun berria” delakoan, eta gure egunerokotasunari osasun eta higiene neurriak osatzen joatea, esan izan dudan bezalaxe, birusa ez baitago menperatuta eta arriskuak hor jarraitzen duelako. Udalak sustatu eta antolatzen dituen hainbat ekintzetan ere osasun eta higiene neurriak ere oso kontutan hartu behar ditu eta hauek zenbait ekimen baldintzatuko dituzte, ezinbestean. Halere, beste behin ere gogoratu behar da, osasun eta higiene neurri hauek nagusiki, hiru direla:

  •  metro t´erdiko distantzia gordetzea,
  •  eta hau posible ez denean, musukoa erabiltzea,
  •  eskuen garbiketa konstantea.

 

Azken hilabeteetan bezalaxe, eskuragarri jartzen dira ofizialki argitaratutako xedapenak, nahi duenak irakurri ditzan. Aurreko asteetan argitaratu ziren arau hauek, baina aste berri hau hastearekin batera, momentu egokia da, xedapen hauek gogorarazteko:

  • Estatutuko Dekretua, eta bereziki herritarrentzat baliagarria I, II eta III Kapituluak. Decreto Nueva Normalidad
  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Agindua, eta honen Eranskina. Osasun_AGINDUA

 

Azkenik, esan behar da, Udalak neurriak hartuko dituela aste honetan Haurtxokoa zabaltzeko, zerbitzuak abian jartzeko azken asteetan egiten ari den ibilbidearen barruan.

 

Besterik gabe, elkar zaindu dezagun, baina bizitzaz ere goza dezagun.

 

Agur bero bat

 

Amezketan, 2020ko ekainaren 22an.

 

Izpta: IÑAKI AMUNDARAIN TOLOSA

 

Alkateak.