Zorionez, Amezketak, lur publiko asko ditu. Udalean honek duen balioaz jabetzen gara eta denon lurrak diren horiek zaintzeko konpromezua daukagu. Lur hauetariko askok larre izaera dute eta azken urteetan inbertsio potoloak egiten ari gara larre hauen egoera hobetzeko. Beste lur publiko askotan berriz basoak ditugu eta hauetara ez da inbertsio handirik bideratu azken 20 urtetan.
Basoek onura asko dituzte eta gure herriko altxor nagusienetakoak dira egiten dizkiguten hainbat eta hainbat ekarpenengatik. Lursail batzuetan duela hamarkada batzuk egindako landaketak daude, beste lursail batzuetan berriz naturalki sortu diren basoak. Batzuetan bertako zuhaitzak eta beste batzuetan koniferak eta hostozabal aloktonoak. Hauetariko bakoitzak bere onurak ditu gu guztiontzat: egur ekoizpena, biodibertsitatea, karbonoaren finkapena, lurraren birsortzea…
Basoen kudeaketa egokiak epe luzeko ikuspegia eskatzen du, baina baita urtez urteko jarraipena ere. Koniferak eta hostozabal aloktonoak dauden lursailen kasuan, ezinbestekotzat jo genuen epe luzeko ikuspegia izango zuen kudeaketa plan bat egitea. Azken urte honetan plangintza hau burutzen aritu gara LurGeroa enpresa eta Amezketako Udalaren artean eta dagoeneko prest daukagu. 10 urteko indarraldia izango du plangintza honek eta partzela bakoitzean egin beharreko lanak jasotzen ditu urtez-urte.
Gai honen inguruan interesa duen edonork informazioa izan dezan egokia iruditu zaigu plangintza hau herritar guztien aurrean aurkeztea.
Hurrengo asteazkenean, urtarrilak 29an, egingo da aurkezpen hau. Pernando Amezketarra Kultur etxeko areto nagusian, arratsaldeko 18:00etan.