Datorren astean, Amezketan aukera paregabea izango dugu Euskal Herriko ihauteri garrantzitsuenen errepaso bat egiteko. Izan ere, erakusketa berezi bezain ikusgarria antolatu dugu, otsailaren 10etik 15era ikusgai egongo dena, Pernando Amezketarra Kultur Etxeko Areto Nagusian.
Erakusketa honek gure lurraldeko tradizio eta errito zaharrak ezagutzeko aukera emango digu, eta horretarako elementu bereziak izango ditugu: pertsonaien kopiak, belarraren usaina, joareen soinua eta musika egokia, besteak beste. Eta, era berean, gure ihauterien izaera natural eta tradizionala mantentzeko beharra azpimarratuko du.
Bertan ikusgai izango diren pertsonaiak benetako tamainan (1:1 eskalan) eginak dira, eta bakoitzak bere azalpena du, euskaraz eta gaztelaniaz. Azalpen hauek Barandiaran, Satrustegi, Jimeno Jurío eta beste adituen ikerketetan oinarritzen dira, ihauteri erritualen jatorria eta esanahiak argitzen laguntzeko.
Talai dantzaren inguruko txoko bat ere izango da. Gaur egungo eta garai bateko Bedaio eta Amezketako janzkera pare bat erakutsiko direlarik.
Erakusketaren ordutegia:
GOIZEZ 11:00-13:00 (asteartetik larunbatera)
ARRATSALDEZ 15:30-19:30 (astelehenetik ostiralera)
Gonbidatuta zaudete Amezketara, Euskal Herriko ihauteri zaharren magian murgiltzera!