Kaixo, amezketarra.
Gure herria, zorionez, herri bizia dugu. Badu kultura, badu nortasuna, badu landa eremu garrantzitsua, baditu enpresak, badu komertzioa eta baita egunerokotasunean gure bizitzaren parte diren zerbitzuak ere (eskola, liburutegia, gaztelekua, gimnasioa, pelota eskola…)
Herri bizi bat sortze horretan, berebiziko ekarpena egiten dute Amezketako baserritar eta ekoizleek ere. Edozein egunetan ikusten ditugu euren animaliak zaintzen, gure inguruetako lurrak lantzen, ostiral arratsaldetako azokan euren produktuak gure eskura jartzen, Larrondo edo Aralarko lur amankomunetan animaliak bazkan edota azkenaldian herrian ospatu ditugun mondeju edo muxal azoken oinarrian ere beraiek daude.
Amezketako egunerokotasunean bizitza errazten digutenen artean aurkitzen ditugu herriko dendari eta tabernariak ere. Herrian bertan janari denda, harategia, farmazia, kutxazaina, ile-apaindegiak, tabernak… aurki ditzakegu, hauek egiten duten lanari esker egunerokotasunean behar dugun ia guztia herritik atera gabe lor dezakegularik.
Beraz, Amezketan baditugu ekoizleak eta badugu komertzioa,eta hau, bene-benetako altxorra da. Hala ere, bada herrian azken urteetan sumatzen dugun kezka orokortu bat: etorkizunean, izango al dira Amezketan baserritarrak eta dendak?
Ikusten ari gara inguruko herrietan zer gertatzen ari den: Denda txikiak ixten ari dira, batez ere herri txikietan, gazteen erreleboa falta da, baserritarren egoera zaila da… eta honen aurrean, zer? Nolako kontsumo eredua nahi dugu Amezketan? Nolako landa eremua nahi dugu? Nolako ekoizpen eredua? Nola sustatu dezakegu komertzio txikia?
Etorkizunean Amezketan baserritarrak eta komertzioa nahi baditugu, uste dugu ezin dela zer etorriko denaren zain gelditu, eta orain hasi beharra dagoela pentsatzen etorkizunean nolako Amezketa nahi dugun. Horregatik, herri mailako parte-hartze prozesu bat burutuko dugu.
Denon artean egin behar dugu prozesu hau, eta bide honetan gurekin nahi zaitugu. Hasteko, ekoizpen mota, salmenta mota edota produktu ezberdinak ekoizten dituzten Amezketako baserritar batzuk adibide gisa hartu eta erreportaje hau prestatu dugu, baserritarrek egiten duten lanaren aitortza gisa. Honekin batera, elikadura eta kontsumo ohituren inguruan amezketarren iritziak jasotzeko galdetegi bat prestatu dugu eta hau betetzera gonbidatzen zaituztegu. Horretarako, ondorengo estekan klikatu GALDETEGIA edo sare sozialen bidez zabalduko dugun esteka erabili dezakezue. Paperean nahiago duenak, Udaletxean edo liburutegian eskuratu dezake astelehenetik aurrera.