Dakizuenez, Iberdrolak, gaurkorako argi mozketa programatuta zeukan, sarean hobekuntzak egiteko. Ustez ordu erdiko etena izan behar zuena ordu eta erdiz luzatu da kaleko eremuan, duela bi aste bezala, elektrizitare sorgailua konektatzean arazoak izan dituztelako.
Udaletik bertaratu gara egoeraren jarraipena egitera eta herrian argindar zerbitzua bermatu ezin zenez lanak beste egun baterako uztea erabaki da.
Hirugarren saiakera bat egin baino lehen arazoa zerk sortzen duen ikertu eta elektrizitate sorgailuaren funtzionamendua ziurtatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatu diegu.
Froga hau bihar goizeko 7etan egingo dutela adierazi digute, jarduera ekonomiko eta sozial gehienak hasi baino lehen, ahalik eta eragozpen txikienak sortzeko. Ustez eten oso laburra izango dela esan digute, kaleko eremuari soilik eragingo dio eta Iberdrolatik bezeroei jakinarazpenik egin ez zaien arren, Udaletik egoki ikusi dugu eten labur horren berri ematea.
Azken asteetan hainbat zerbitzuk huts egin dute: argindar hornidurak, Movistarreko estaldurak eta Kutxabankeko kutxazainak. Zerbitzu guzti hauek udalaz kanpokoak badira ere, tokatzen den tokian erreklamatzen eta herritarrei ahalik eta informazio gehien ematen ari gara. Era berean, matxura hauek konpontzera etortzen diren langileenganako begirunea eta errespetua eskatzen dugu.

