Amezketako Udalak berebiziko garrantzia ematen die herriko jarduera ekonomikoei, izan ere, herriaren garapenean betetzen duten papera oso garrantzitsua da. Hala ere, ezinbestekotzat daukagu jarduera ekonomiko hauen garapena modu ordenatuan egitea eta hauetatik eratorritako onurak herri osoaren onurarako zabaltzea. Ildo honetatik, Amezketako Udala eta Aralar Papertegia elkarlanean aritu dira azken hilabeteetan eta arau subsidiarioen aldaketa puntual bati hasiera emateko hirigintza hitzarmena sinatu dute gaur Mikel Arteaga alkateak eta Senen Amunarriz papertegiko zuzendariak.
Hitzarmen honek hurrengo helburu nagusiak jasotzen ditu:
-Udalak “HJA-2-Aralarko Papelera”ren hirigintza-erregulazio berria egingo du papertegiak toallita biodegradagarriak ekoizteko beharrezkoak diren aldaketak egiteko.
-Eremua mendebalderantz zabaltzea, beti ere eremuaren mugaketa Papel Aralar SAren jabetzetara egokituz.
-Eraikigarritasuna 3.700 m2tan handitzea, toallita biodegradagarriak ekoizteko makina berriak kokatzeko eraikinak egiteko.
-Eraikigarritasun gehikuntzaren ordainetan, Amezketako eskolak eta eremuan dagoen papertegiko elkartea Udal jabetzakoak izatera pasatzea.
-Gaur egungo eskolako jantokia dena Papertegiko eremuan sartzea, papertegiko elkarte izan dadin.
-Mizpira Sagasti (Errementain) etxearen parean sortzen den estugunea konpontzeko, errepidea eta papertegiko pabilloiaren artean dagoen lur-zatia Udal jabetzakoa izatera pasatzea, espaloia eta errepidea zabaldu ahal izateko.
-Papertegiko eremua berrantolatzea bertako langileentzat 30 aparkaleku gehiago lortzeko.
Laburbilduz, papertegiaren etorkizun ekonomikoa indartuko da, lanpostu berriak sortzea ere ahalbidetuko du honek. Eskolak herriaren jabetzakoak izatera pasako dira, gaur egungo papertegiko elkartea barne eta azken honi irtenbide egoki bat emango zaio. Hezkuntza Saila eta Ur Agentziarekin ere lanean ari gara, eskolak eraberritzeko azterketekin has gaitezen.
Hitzarmen hau sinatzearekin, arau subsidiarioen aldaketa puntualari hasiera emango zaio eta ondo bidean, hilabete batzuk barru, hitzarmenean jasotakoa, errealitate bihurtuko da. Udalak, prozesu hau, inplikatutako eragile guztiekin elkarlanean egin nahi du eta horretarako, harremanetan egon da momentuoro Zumadi Eskolako zuzendaritza, Hezkuntza Saila, Aralar papertegiko elkarteko bazkide eta Ur Agentziarekin. Aurrerantzean ere elkarlanean jarraitzeko prestutasun osoa dugu, oraingo hau bezala, herri osorako onuragarriak diren erabakiak hartzeko.