2025 urtea oso berezia izango da Amezketan, gure herriko historia eta kulturaren hiru mugarri garrantzitsu ospatzeko aukera emango baitigu. Frankismoaren amaierako urteetan kokatzen gara, garai hartako aldaketa soziopolitikoek gure herrian eragin nabarmena izan zuten. Testuinguru horretan, Talai dantza berreskuratu zenetik 50 urte bete dira, Zazpitturri elkartea lehenengo aldiz herriko festetan ireki zenetik 50. aldia izango da, eta izen bereko pilota eskolaren sorreraren 50. urteurrena ere ospatuko dugu. Urteurren hauek herriaren izaera eta nortasuna osatu duten ekimenen garrantzia gogorarazten digute.
Horretarako, Udalak egutegi berezi bat prestatu du, elkarte hauen ibilbidea eta ekarpena omentzeko. Egutegia lehengo eta oraingo argazkiz osatua dago, gure herriaren bilakaera eta belaunaldien arteko lotura irudikatzeko. Egun hauetan izango duzue zuen buzoietan.
Talai Dantza: tradizioaren berpiztea 1975ean Talai Dantza berreskuratu zen, herriko kultur ondarea biziberritzeko ahaleginaren ikur gisa. Geroztik, belaunaldiz belaunaldi, dantzariek tradizio hau bizirik mantendu dute, eta gaur egun ere gure herriko ezinbesteko elementua da. Berreskurapenarekin batera, emakumeen parte-hartzea ere etorri zen, eta horrek dantzaren aniztasuna eta aberastasuna areagotu zituen.
Zazpitturri elkartea: elkargune eta bizitzaren bultzatzaile Zazpitturri elkartea 1975ean ireki zen lehen aldiz herriko festetan, eta ordutik Amezketako kultur eta gizarte bizitzaren bihotz bihurtu da. Urteetako historia eta elkarlanaren isla.
Pelota Eskola: kirola eta harrobia sustatuz 1975ean, Pelota Eskola ere sortu zen, Amezketan kirola sustatu eta pelotaren tradizioa belaunaldi berrien artean hedatzeko asmoz. Harrezkero, hainbat gaztek trebatu eta herria ordezkatu dute pilotaren munduan, harrobia mantenduz eta herriaren izena zabalduz.
Egutegi hau etxe guztietara banatuko dugu, gure ondare eta historia kolektiboa ospatzeko. Gonbidapena luzatzen dizuegu urtean zehar egingo diren ekitaldietan parte hartzera, urteurren hauek elkarrekin gogoratzeko eta gure etorkizuna eraikitzen jarraitzeko.
Mila esker argazkiak biltzerakoan lagun izan zareten guztioi, eta ospa dezagun urte berezi hau elkarrekin!
GABON ZORIONTSUAK
Amezketako Udala.