AMEZKETAK 2018ko AURREKONTUA ONARTU BERRI DU

Amezketako Udalak 2018. urtean 1.336.969 €ko aurrekontua izango du, eta horietatik, 522.000 €, guztiaren % 39, azpiegitura berriak sortzeko edo daudenak hobetzeko erabiliko da. Honelaxe onartu berri du Udalbatzak, abenduaren 22an, eguerdian egindako ezohiko bilkuran. Esan baitere, 2017ko aurrekontuarekin alderatuz, 2018koa % 18,83 gehiago dela.

Aurrekontuaren sarrera eta gastuei dagokienez, diru-sarreren arloan, % 48 inguru Gipuzkoako Foru Aldundiko Udal Finantziaziorako Fondotik datoz, ia % 32 udal zerga eta tasetatik, eta % 20 inguru beste Administrazio eta erakunde publikoek emandako diru-laguntzetatik.

Aurrekontuaren gastuaren proportzioa berriz honakoa da: % 24 pertsonalari dagokion atalean, % 28 ondasun eta zerbitzuen atalean, % 5 diru transferentzien atalean, hauen artean, Amezketako hainbat elkarteei edota Tolosaldea Garatzen, Tolosaldeako Mankomunitatea edo Tolomendiri, eta azkenik, % 2,9 maileguen amortizazio eta interesen atalean. Azken datu baxu honetatik, inbertsiora bideratutako datuarekin batera, ondorioztatzen da Amezketako udal finantzak saneatuak daudela, zorra oso baxua baita. Ehuneko hauei, goian aipatu bezalaxe, inbertsiotarako % 39 erantsi behar zaio.

2018ko aurrekontuak egiterako garaian, Udalak 4 helburu edo ildo nagusi hartu ditu kontutan: lehenengoa, herriko azpiegiturak hobetzen jarraitzea, eta horretarako otsailerako Larrunarri pilotalekuaren berrikuntza obrei amaiera emango zaie, 200.000 € inguru inbertituz geratzen diren lanak ordaintzeko; lan hauek amaitzean, jarraian Gaztelekuan ere eskuhartzea izango da, eta horretarako 30.000 € bideratuko ditu, argindarra hobetuz, berokuntza sistema erangikorragoa jarriz, eta altzariak berrituz; eta azkenik, Kultur etxeko zerbitzuak zabaltzeko eta gimnasio bat jartzeko 60.000 € bideratuko ditu Udalak. Bigarren helburua, Amezketako Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorraren prozesuarekin jarraitzea da eta behin Aurrediagnostikoa eginda AHAPOren Aitzinamendu edo Abanzea idatziko da, herritarren partaidetza kontutan izanda, eta horretarako 30.000 € erabiliko dira.

Aurrekontuen hirugarren helburu edo ildo nagusia, baserri bideak hobetzen jarraitzea da, horretarako 60.000 € inbertituz. Eta laugarrena eta azkena, jasangarritasunaren aldeko neurriekin jarraitzea da, hain zuzen, argiteri publiko eficiente edo eraginkorragoa jarriaz Amezketa eta Ugarte auzoko kaleetan, eta horretarako 55.000 € edo 110.000 € bideratuko dira, eskatutako dirulaguntzen arabera.

Gastu adierazgarri bat aipatzekotan 3. Adinari zuzendutakoa da. Ohiko jarduera soziokulturaletarako 9.000 € bideratuko ditu, eta 2018. urteari begira, Udalak beste 30.000 € aurrikusi ditu Eguneko Zentroa abian jartzeko. Herritar askok dakiten bezalaxe, Kultur etxeko lehen solairuan azpiegitura prest dago zerbitzu hau emateko baina orainarte ezin izan da, hainbat arrazoiengatik, martxan jarri eta Udalak ekimen desberdinak antolatuko ditu eta lehen pausoak emango, esan bezala, zerbitzu hau Amezketako adinekoei eskeintzeko.

Beste zenbait udal zerbitzu ere aipatzearren ondorengoa azaldu: helduentzako etxez etxeko laguntza zerbitzuak 28.000 €ko kostua duela (iaz igoera izan zen eta 2018an ere, 3.000 € gehiago, izan ere geroz eta heldu gehiago dira zerbitzu honen onuradun); Gazteleku eta udako ludotekaren zerbitzuak aldiz 49.000 €ko kostua dute, iaz baino 7 mila € gehiago, Udalak gazteentzako begirale ikastaroa antolatu duelako; eta azkenik esan Udalak kudeatzen dituela Eusko Jaurlartitzak larrialdian dauden familiei laguntza emateko 9.000 € inguru.

Aurreko urteetan bezalaxe, Udalak gogoratu nahi die herritarrei, zabor bilketari dagokionez, zerbitzuaren kostu osoa 53.000 € ingurukoa dela (zaborren bilketa, kudeaketa eta tratamendua, eta udal langileen kostea barne), baina era berean, azpimarratu behar da, udal tasaz aparte (Gipuzkoako herrietan baxuenetakoa, 42 € etxebizitzako, 100 €tik gora izanik Gipuzkoako beste herri haundietan), zaborra birziklatzeagatik Udalak 21.000 € berreskuratzen dituela. Azken datu honek adierazten du amezketarren kontzientziazioari esker gai honetan kudeaketa efinzientea dela, alegia, zenbat eta gehiago birziklatu, zerbitzua are eta merkeagoa da eta hori amezketar guztion jarreragatik da orokorrean, nahiz eta puntualki oraindik ere, jarrera desegoki batzuk mantendu zaborrak ontzi desberdinetara jaurtitzeko garaian.

Bestalde, esan amezketarrak Gipuzkoako Urak-i uraren ordainketa egiten dutenean Udalak erreziboaren zati bat ordaintzen duela hobari edo bonifikazio gisa, beste herrietan ez bezalaxe, eta hobari honek Udal Aurrekontuan 27.000 €ko kostua duela.

Amaitzeko, beste behin Udaletik gogoratu nahi zaie amezketar guztiei aurrekontuaren espedientea denen ikusgai dagoela Udaletxean, 15 lanegunetan, edozein herritarrak Udalaren kudeaketa ekonomikoaren nondik norakoak jakin ditzan, eta baitere, egoki ikusiz gero, iradokizun eta erreklamazioak luza ditzan.