Amezketako enpresa batean gertatutako lan istripu batek eragindako heriotzaren aurrean, Amezketako Udalak hurrengoa adierazi nahi du:
1. Astelehen goizean gure herriko enpresa batean lanean ari zen langile batek lan istripu bat izan zuen, eta ostegun honetan hil da. Egoera horren aurrean, Amezketako Udalak bere atsekabea adierazi eta doluminak helarazi nahi dizkie hildako langilearen familiari, lagunei eta lankideei. Horrez gain, lan-istripuen aurkako salaketa publikoki egiten du, eta Eusko Jaurlaritzako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea den OSALAN-i enpresarekin batera heriotzaren nondik norakoak argitzeko eskatzen dio.
2. Istripu hau kolpe gogorra da herritarrontzat, eta bereziki, langile guztientzat.
3. Erakunde publikoon partetik, langileen osasun zein segurtasun neurriak bermatzeko konpromisoa daukagu, beraz, helburu hori betearazteko, elkarlanean aritzeko eskatzen diegu gainontzeko erakundeei. Bide horretan, laneko arriskuen prebentzioko jardunbide egokiei buruzko proiektuak egiteko konpromiso garbia erakusten dugu, lan administrazioarekin eta sindikatuekin eta patronalekin koordinatuta.
4. Amezketako Udalak, hildakoaren familiari elkartasuna eta babesa adierazteko antola daitezkeen ekitaldiekin, bat egiten du.