Amezketako Udalbatzak aho batez onartu du Bedaio auzoa Tolosako udalerritik banandu eta Amezketako udalerriari atxikitzeko prozesuarekin aurrera egitea. Erabaki honekin, Bedaio Amezketan integratzeko prozesuak beste urrats garrantzitsu bat egin du.

Erabakiak Bedaio eta Amezketaren arteko lotura historiko, geografiko eta soziala hartzen du oinarri. Bedaio Tolosako udalerriaren barruan dago gaur egun, baina Amezketarekin harreman estua du, bai hurbiltasun geografikoagatik, bai eguneroko bizitzan sortzen diren loturengatik.

Amezketako eta Tolosako udalak elkarlanean ari gara prozesu hau lantzen, eta bi erakundeok gure udal-organoetan aldeko jarrera aho batez adierazi dugu.

Azken hilabeteetan, bi udalek, Siadeco enpresak eta Bedaioko auzotarrek prozesuaren inguruko ibilbide-orria zehaztu dugu eta herritarrei informazioa emateko hainbat ekimen egin dira. Besteak beste, ekainaren 23an informazio-saioa egin zen Amezketako Kultur Etxean, prozesuaren nondik norakoak azaltzeko eta herritarren zalantzak argitzeko.

Hemendik aurrera, ezarritako prozedurari jarraituz, beharrezko izapide administratiboak egingo dira Bedaio Amezketako udalerriari atxikitzeko prozesua gauzatzeko.

Amezketako Udalak nabarmendu du prozesu honetan erakundeen arteko lankidetza eta herritarren informazioa eta parte-hartzea funtsezkoak izango direla. Udalak prozesuaren bilakaeraren eta emango diren hurrengo urratsen berri ematen jarraituko du.

Bedaio eta Amezketaren arteko harremanak urte luzeetakoak dira, eta prozesu honek lotura horri administrazio-mailan ere erantzuna emateko aukera irekitzen du.