Gaiari buruzko aurkezpen-saioak egingo dira ekainean Tolosan (ekainak 22) eta Amezketan (ekainak 23)

Bedaio auzoa Tolosatik bereizi eta Amezketa udalerrira eransteko bide-orria zehaztu dute bi herrietako udalek. Orain arte emandako urratsak eta datozen hilabeteetarako aurreikusten direnak azaltzeko, aurkezpen-saioak egingo dira ekainean Tolosan (ekainak 22, 19:00etan Topic-en) eta Amezketan (ekainak 23, 19:00etan Kultur Etxeko areto nagusian). Udalek saio horietan parte hartzera animatu nahi dituzte herritarrak, udalerri aldaketaren inguruko zalantzak argitzeko eta ekarpenak egiteko aukera izango baitute.

Tolosako Udalak, horrez gain, entzuketa-prozesu bat abian jarriko du saioaren ondoren, Erabaki plataformaren bitartez. Bedaioren udalerri aldaketari buruzko dokumentazioa eskegiko da bertan, eta ekarpenak eta galderak egiteko aukera izango dute tolosarrek, uztailaren 15era arte (Erabaki plataforman edo eta herritarren arretarako bulegoan jarriko den buzoian). Horiei erantzuteko konpromisoa hartu du Tolosako Udalak, eta parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Erakunde arteko Mahaia sortu dute

Bi herrietako udalbatzak osatzen dituzten alderdi guztiek, erakunde arteko mahai bat eratu dute, Bedaioko auzotarren ordezkaritza batekin, prozesuaren gidaritza aurrera eramateko.

Martxoaren 17ko 2/2003 Foru Araua—eta hori aldatzen duen abenduaren 22ko 5/2025 Foru Araua da Gipuzkoako udal barrutiak arautzen dituena. Besteak beste, auzo bat udalerri batetik bereizi eta beste udalerri batera eransteko aukera aurreikusten du arau horrek, horretarako baldintzak ezarriz eta prozedura azalduz.

Bedaioren udalerri aldaketarako ekimena udal mailakoa izateko, bi udaletako oso bilkurek onartu behar dute prozesua abian jartzea. Azken erabakia, Gipuzkoako Foru Aldundiak izango du.

Baldintzak betetzen ditu Bedaiok

Foru Arauak finkatzen dituen eskakizun guztiak betetzen ditu, hain zuzen ere, Bedaioren udalerri-aldaketak, bideragarritasun ekonomikoa barne. Siadeco enpresak ikerketa bat egin du hori aztertzeko. Gainera, azterlan horren bidez, arauak eskatzen duen justifikazio-txostenaren ezinbesteko edukiak landuta daude dagoeneko: kokapena eta azalera, lurralde-mugaketa, biztanleriaren ezaugarriak, herri-ondasunak, egitasmoaren onurak edota bideragarritasun ekonomikoa.

Bedaioren udalerri-aldaketa azaltzen duten funtsezko faktoreen artean, kokapen geografikoarena nabarmena da: Tolosako herrigunetik 17km-ra dago errepidez eta ez du mugarik egiten Tolosako beste auzo bakar batekin ere. Bedaiotar askoren bizimodua Amezketan errotuta dago aspaldi, besteak beste, eskolara Amezketara joaten direlako haurrak. Horrez gain, landa-izaera duen udalerria da Amezketa, eta Bedaion garrantzi handikoa den lehen sektorean ere, handia da Amezketarekiko eguneroko hartu-emana.

Bedaioren udalerri aldaketarako erakunde arteko Mahaia