Pasa den ostiralean eman genuen edukiontzietan sarraila berriak jarriko zirenaren berri eta halaxe egin zuen Tolosaldeko Mankomunitatearen zabor bilketa zerbitzuko enpresak. Herrian banatuta dauden errefuxa eta organikoaren edukiontzi guztiei sarraila berriak jarri zizkieten.

Herriko 3 edukiontzietako sarraila berriak, indarrez eta intentzioz, PUSKATUAK IZAN DIRA.

Jarrera hauek onartezinak dira. Guztion ondasunak dira, guztion onurarako jarriak, eta halako ekintzek kalte zuzena eragiten diote herriari: kostu ekonomikoa handitzen dute (+/-800€+instalakuntza sarraila bakoitzeko), zerbitzua oztopatzen dute eta bizikidetza kaltetzen dute.

Udalak irmoki salatzen ditu gertakari hauek eta beharrezko neurriak hartuko ditu, Tolosaldeko Zaborren Mankomunitatearen babesarekin, berriro gerta ez daitezen. Halaber, herritar guztiei eskatzen diegu errespetuz jokatzeko eta edozein informazio baliagarri badute Udalari helarazteko.

Berriro ere gogorarazten dugu, edukiontziak erabili ahal izateko TXARTELAK udal bulegora gerturatuta eskuratu daitezkela.