Dagoeneko ongi dakizuen modura, Amezketako argazki zaharrak biltzen eta jasotzen ari direnek eskaini dizkigute Pernando Amezketarra Kultur Etxeko hormetan erakusketa batzuk, herritarrengandik bildutako guztien lagin modura. Legealdi honetarako ardura hori hartu zuten eta emandako hitza betetzen ari dira, eta nola gainera!
Herri baten historia ezagutzeko bideak ugari dira: liburuak, artikuluak, hitzaldiak, pelikulak, dokumentalak eta argazkiak, besteak beste. Horietatik argazkietara jo dute. Argazki horiek Amezketako historiaren lekuko edo testiguak baitira, Amezketako historia biziaren zatiak, eta gozamen iturri denontzat.
Oraingoan bi gairi lotutakoak jarriko dituzte ikusgai: “Amezketako talaik” eta “pilotariak”. Izan ere, aurten ospatu ditugu herrian talai festa eta pilota festa. Zer egokiago, beraz, bi gai horiei lotutako argazki batzuk eskaintzea baino.
Iadanik ikusgai dituzue hirugarren erakusketa honetako argazkiak, esan bezala, Pernando Amezketarra Kultur Etxeko sarreran. Gerturatu eta gozatu!!


