Urtero legez, udazkenean, Amezketako Udalak hurrengo ekitaldiko udal zerga, tasa eta prezio publikoen inguruan zenbait erabaki hartzen ditu, ordenantza fiskalak deritzaienak eta Udalaren diru-sarreren % 30 suposatzen dutenak. Horrela, Udalbatzarrak, joan zen urriaren 3an egindako bilkuran, aho batez onartu zituen 2025 urterako Ordenantza Fiskalak, eta espedientea jendaurrean ikusgai egon ondoren, behin betikoz onartuak izan dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2024ko abenduaren 4an argitaratu eta gero. Aldizkari Ofizialeko iragarkia kontsulta daiteke udal web orrian, udala ataleko ordenantza fiskalen estekan.

Ekitaldi pare bateko salbuespenarekin, azken urteotako ordenantza fiskaletan, orokorrean, KPIaren gutxi gorabeherako igoera aplikatu da udal zerga eta tasetan, eta aurten ere irizpide berdina aplikatu da. Kontsumorako Prezioen Indiziea, KPI, %2,6 igo bada ere, Udalak %3ko igoera erabaki du zergatan, orohar presio fiskala Gipuzkoako beste herrien batazbestekoa baino txikiagoa delako Amezketan.

Udal zerbitzu publikoetan aplikatzen diren tasa eta prezio publikoak orokorrean % 2,5 eta %3 bitartean igo dira eta batzuk igoerarik gabe mantendu dira. Zaborren tasan izan da igorarik nagusiena, %50 igo da eta honen arrazoia da Espainiako 7/2022 Legea, ekonomia zirkular baterako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoa, indarrean sartu delako. Lege hau Europako araudiak eskatzen duen egokitzapen bat da eta honen arabera udalak behartuta daude hondakinen kudeaketaren kostu guztia herritarrei egoztera, kutsatzen duenak ordaindu egiten du printzipioaren arabera. Orain arte, udal asko bezalaxe, ohikoa zen zaborren kudeaketaren zati bat tasen bitartez ordaintzea eta beste zati bat udal aurrekontuaren bitartez osatzea. Amezketaren kasuan, zabor bilketa eta kudeaketa kostatzen denaren erdia soilik jasotzen zen herritarrek ordaindutako tasetatik, gainontzekoa Udalak bere gain hartzen zuelarik. 2024an 63.542 euroko kostua izan du zabor bilketa zerbitzuak eta hauetatik 32.360€ jaso dira zaborren tasatik. Esan bezala, Espainiako 7/2022 legearen arabera jardunbide hori debekatu egin da eta zabor bilketak suposatzen duen kostu guztia erabiltzaileen tasen bidez ordaindu behar da. Kostearen %100 tasen bidez jasotzeko 2 urteko epea dauka Udalak, beraz, aurten tasen %50 igoko da, falta den zatia 2026ko ordenantza fiskaletan aplikatuko delarik.

Beste tasei dagokienez, esan onura publikoko Larrondo mendian larratzeko eskubideagatik ordaintzen dena igoerarik gabe geldituko dela lehen sektoretik bizi direnentzat, eta lehen sektoretik bizi ez direnentzat euro bat igo da behor, behi, edota zaldi bakoitzagatik, eta hamar zentimo ardi edo ahuntz bakoitzagatik.

Amaitzeko, aipatu Udalaren aldetik erabateko prestutasuna dagoela gai honetan Udaletxera hurbiltzen den edozein herritarrei behar diren azalpen guztiak emateko.