Apirilean, udalak Aralar papertegiarekin sinatu zuen eremu horretan eraikigarritasuna handitzeko akordioa HEMEN INFORMAZIO OSOA. Akordio horren arabera, Aralar papertegiak bi pabiloi berri eraiki ahal izango ditu, eta trukean, udalak eskola eraikinaren jabetza eskuratuko du.

Harrezkero, akordioan adostutakoak gauzatzeko hirigintzako arau subsidiarioen aldaketa puntual bat aurrera eramateko lanean jarraitu dugu. Udalak hasierako onespena eman ondoren, une honetan beste erakundeen —hala nola Aldundiaren eta Jaurlaritzaren— txostenak jasotzeko fasean gaude.

Amezketarentzat oso garrantzitsua da akordio hau, izan ere, lanpostu berriak sortzeaz gain, toallita biodegradagarrien ekoizpena handitzea ahalbidetuko du, eta herriarentzat berebiziko garrantzia duen eraikina —eskola— jabetza publikoko bihurtuko da.

Garrantzia horretaz jabeturik, udalak herritarren aurrean aurkeztu nahi du arau subsidiarioen aldaketa puntual hau. Horretarako, azaroaren 5ean, 18:00etan, Pernando Amezketarra Kultur Etxeko aretoan, aurkezpen publikoa egingo dute udaleko eta Aralar papertegiko ordezkariek.