Andragora bueltan da bere ohiko jardunarekin eta zerbitzuekin

Uda ondoren, Andragora – Tolosaldeko Emakumeen Etxea – bueltan da bere ohiko ordutegiarekin eta zerbitzuekin. Astelehenetik ostegunera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da zabalik, eta ostiraletan 10:00etatik 14:00etara.

Emakumeentzako arreta eta laguntza zerbitzuak martxan dira jada, eta zerbitzu zein elkarguneei buruzko informazio eguneratua flyer moduan atxikita dago. Herritarrek dokumentu hori kontsultatu dezakete eskualde mailako baliabideez hobeto jabetzeko.

Elkarguneak berriz martxan

Atzo jarri zuten martxan berriz Kafe Tertulia, jatorri anitzeko emakumeentzako elkargunea. Bestalde, datorren astelehenean (irailaren 8an) hasiko da Ama Sarea: astelehenetan elkartuko da Andragoran, 18:00etatik 20:00etara.

Ama Sarea ama guztiei irekita dagoen espazioa da, eta helburu du amatasunaren inguruko hausnarketa sustatzea, partaideen kezka eta zalantzak elkarbanatzeko espazio segurua eskaintzea eta ama ezberdinen arteko sarea indartzea. Horren kartela ere atxikituta aurki daiteke.

Horrez gain, indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko taldea ere martxan jarriko da irailean zehar. Taldearen inguruko informazioa eta izen-ematea egiteko jarraibideak ere flyer-ean aurki daitezke.

Jabetze Eskola Andragoran

Datozen hilabeteetan, Andragorak jarduera-programa zabala eskainiko du: tailerrak, hitzaldiak eta beste hainbat ekimen. Hala ere, programazio horren aurretik, Tolosako Udaleko Berdintasun Sailak antolatutako Jabetze Eskola izango da Andragoran.

Ikastaro hauetan parte hartzeko izen-emateak irailaren amaieran hasiko dira, eta ikastaroak urria erdialdean abiatuko dira. Interesa dutenek adi jarraitu beharko dituzte Tolosako Udaleko sare sozialak.


Informazio gehiagorako edo zalantzak argitzeko:

📍 Andragora – Tolosaldeko Emakumeen Etxea
📞 Harremanetarako: andragora@andragora.eus
🕙 Ordutegia:

  • Astelehenetik ostegunera: 10:00 – 14:00 eta 16:00 – 19:00
  • Ostiraletan: 10:00 – 14:00

📎 Atxikitako dokumentuak: