Martxoaren 9tik maiatzaren 31 bitartean, aldundiak baimendutako liztor asiar/beltzaren aurkako tranpatze kanpaina burutu da Amezketan.

Udalak bitarteakoak erosi ondoren, herriko eskolak, hainbat bolondresek eta erlezainek 110 trapa ingururen jarraipena egin dute.

Tranpatze honen helburua, udaberrian esnatzen diren liztor erreginak harrapatzea izan da, liztor kolonien garapena oztopatuz. Gaur egun, momentuz behintzat, hau baita modu bakarra udan edo udazkenean somatzen dugun liztor beltzaren kabien kopurua gutxitzeko. Kabi horien garapena murriztearekin, liztor asiarraren kopuruak ere behera egiten du.

Ikusiko dugu ea tranpatzeak ere bere eragina izaten duen! Bide batez, gogoratu liztor beltzaren kabiren bat ikusten badugu, lehenengo, udaltxera deitzea.

Aurten egin den herri mailako tranpatze honen emaitza borobilena 4618 liztor harrapatu direla da. Ez da garrantzi gutxiagokoa ordea herri mailan sortu den inplikazio eta kontzientziazioa. Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi.

Tranpatze honen datuak gehiago aletu, balorazio elkarbanatu bat osatu eta aurrera begira zer egin dezakegun aztertzeko, datorren asteartean, ekainak 9, 18:30etan Zazpi-Itturri elkartean, mokadutxo baten bueltan, bilera bat egingo da.