Azken urteetan, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) egon da martxan udalean, eta UEMAk izan du ardura plana betearazteko eta jarraipena egiteko. Aurten, hausnarketa prozesua egin da euskararen erabilera sustatzeko zein erronka dituen aztertzeko eta horren arabera Eusko Jaurlaritzaren AROA marko berrira egokitutako plangintza berri bat diseinatzeko. Egindako ibilbidearen kontzientzia hartu, hutsuneak eta hobetzekoak identifikatu eta aurrera begirakoak diseinatu dira, baina honetan, ez udalari begira bakarrik, Amezketa osoari begira baizik.

AROA Planaren helburua da Amezketak euskararen arloan dituen erronkak definitzea eta, horien arabera, Udalak eta gizarte-eragileek arlo edo eremu bakoitzean heldu behar dieten lan-ildoak eta ekintzak ezartzea. Ildo horretan, lankidetza-aukerak eta -espazioak identifikatzeko tresna ere bada.

Udalak abiatu du prozesua UEMAren aholkularitzarekin eta hainbat herritarrekin batera. Txosten honetan prozesu horren gako garrantzitsuenak jaso dira: alde batetik, 2024-2034 aldirako euskara plana diseinatzeko egin den prozesua (metodologia, diagnostikoa, prozesuan jasotako edukia) eta, bestetik, Amezketak euskararen erabilera areagotzeko aurrera begira dituen erronkak eta landu beharreko ildoak eta ekintzak.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 7. artikuluak eskumen propioa ematen die udalerriei euskararen erabilera sustatzeko eta euskararen normalizazioa planifikatzeko, beren eskumenen esparruari dagozkion zerbitzu eta jardueretan. Eskumen hori egikaritzean, udalerri bakoitzak neurri egokiak hartuko ditu, eta euskararen erabilera normalizatzeko beharrezko planak onartu eta garatuko ditu, Autonomia Erkidegoko erakunde komunek euskararen erabilera planifikatu eta arautzeko emandako irizpideak eta indarreko legeriak kontuan hartuta.

Hemen klikatuta ikusi dezakezue AROA plana.