Joan den ostiralean Ruraltxako taldeko kideak Amezketara etorri ziren, proiektu eredugarriak ezagutzeko bisita-programaren barruan. Helburua argia zen: gure herrian egiten diren ekimenak bertatik bertara ezagutzea, eta horien bidez beste lurralde batzuetarako inspirazio iturri izatea.

Bisita Aralareko ustialekuan hasi zen. Ustialeku hau aintzindaria da zuzeneko muxal haragi salmentan, Aralarko zelaietan aske hazitako Euskal Herriko mendiko zaldi arraza ezagutzeko aukera izan zuten. Parte-hartzaileek mendiko abeltzaintzaren eguneroko lanak eta tokiko baliabideen kudeaketa ikusi zituzten, ingurumenarekiko errespetuan eta jasangarritasunean oinarritutako eredua nabarmenduz.

Ondoren, Amezketako azokara gerturatu ziren. Azokan bertako ekoizleen produktuak ezagutu zituzten, eta AMAko sukaldariari esker, Muxal haragia dastatu zuten parte-hartzaileek, tokiko gastronomiaren balioa eta gurean egiten ari garen lanketa zuzenean ezagutuz. Tokiko produktuen eta komunitatearen garrantzia nabarmendu zuten, bai eta herritarren konpromisoa ere, elikadura osasuntsu eta gertukoaren aldeko apustua egiten dutelako.

Bisita giro atseginean eta elkarrizketa aberatsetan igaro zen. Arrakastatsua izan zen, eta agerian geratu zen Amezketan egiten diren ekimenek bestelako herrietan ere interesa pizten dutela. Horregatik, guretzat harrotasun iturri da gure herria eta bertako jardunak eredugarri izan daitezkeela ikustea.

Amezketako Udalak eskerrak eman nahi dizkie bai Ruraltxako kideei, bai parte hartu zuten herritarrei ere, gure lanaren eta gure herriaren balioa besteekin partekatzeko aukera emateagatik.