Irailaren 13an, larunbatez, Amezketa festaz beteko da Sanmar Sound 2.0 ekimenaren harira. Egun osoko egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek, musika, herri kirolak eta giro paregabea uztartuz.
Egunari hasiera emateko, 12:00etan, herriko emakumeek izango dute protagonismoa emakumeen herri kirol erakustaldiarekin, herriko plazan.
Ekitaldi berezi honek herritar baten ideiatik hartu zuen abiapuntua. 30-40 urte inguruko emakumeei —gehienak amak eta kirola egiteko ohitura handirik ez zutenak— zuzendutako deialdi batek elkartu zituen, eguneroko errutinatik ateratzeko eta elkarrekin kirola modu atsegin eta lasai batean egiteko. Bide horretan sortu da larunbatean egingo den emakumeen herri kirol erakustaldia, herriko plazan.
Ez da ohiko lehiaketa bat izango, baizik eta elkarrekin gozatzeko eta ikusgarritasuna emateko saio bat, emakumeek espazio publikoa eta kirola partekatu dezaten. Eta, noski, ondoren trikipoteo alai bat egingo da herriko tabernetatik zehar, giroa berotzen jarraitzeko.
Arratsaldean, festak, San Martinen jarraituko du:
- 14:30ean, bazkaria
- 19:00etan, Angry Lovers taldearen kontzertua
- 20:30ean, Zahagi Sagardoa
- 23:00etan, Hauek taldearen kontzertua
Akanpada librea egiteko aukera ere izango da San Martinen.
Zatoz Sanmar Sound 2.0ra eta bizi Amezketako festa giroa!