Apurka bada ere, argazki zaharrak biltzen eta biltzen goaz. Lehen erakusketan erlijiotasunak Amezketan izan zuen garrantzia jarri nahi izan genuen begi-bistan, eta horretarako ejertzizio espiritualak eta jaunartzeak hautatu genituen. Horiek ikusgai izan ditugu hilabete batzuetan. Helburua zen denok argazkiak ikustea, gozatzea aspaldiko senide eta herritarrak aurrean ikustean eta denon artean izenak osatzea, aspaldikoak izatean ez baita guretzat hain erraza. Horiek goiko solairuan jarriko ditugu.
Orain, bigarrena jartzera goaz. Eta, gure ustez, esanahi handiko bi gai hautatu ditugu: familia ugariak (numerosak) eta eskolaumeak. Horiek ikustearekin batera gure pentsamendua edo gogoa beste garai batera joango zaigu seguru asko, Amezketako historiara, ezagutzea merezi duen gure historiara. Denon lana izango da baita ere, behar bada, izenak zuzentzea eta falta direnak osatzea. Apirilaren 10etik aurrera, Kultur etxeko sarreran izango dira argazkiak ikusgai.