Tolosaldeko Mankomunitateak hondakinen bilketa errazteko minigarbigune berria jarriko du bihar Amezketan. Zubeldianeko eremuan kokatuko da, herritarrek hondakin espezifikoak bertan uzteko aukera izan dezagun, Tolosako eta Andoaingo garbiguneetara joan beharrik gabe.
Ekimen hau Tolosaldeko Mankomunitateak sustatu du eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Departamentuaren laguntza jaso du. Zerbitzu berri honi esker, herritarrek 10 hondakin mota modu erosoagoan entregatu ahal izango ditugu, birziklapena sustatzeko eta kaleetan utz ez daitezen.
Zer hondakin bota daitezke minigarbigunean?
Amezketako minigarbigunean utzi ahal izango diren hondakinen zerrenda honako hau da:
- Informatika eta telekomunikazio aparatuak
- Aparatu elektriko eta elektroniko txikiak
- Bonbillak
- Brotxak eta rodilloak
- Tinta eta toner kartutxoak
- Kazolak, zartaginak eta mahai-tresnak
- Fluoreszenteak
- Pilak
- Pinturak, barnizak eta disolbatzaileak
- Erradiografiak
Informazio-liburuxkak argitaratu dira, eta Amezketako etxebizitza guztietara banatuko dira, zerbitzuaren erabilera egokia bermatzeko.
Tolosaldeko Mankomunitateak eta Amezketako udalak herritarrak animatzen ditu zerbitzu berri hau behar bezala erabiltzera, ingurumenaren zaintza sustatzeko. Gogoratu, gainera, Tolosako eta Andoaingo garbiguneak zerbitzua ematen jarraitzen dutela minigarbigunean bota ezin diren hondakinentzat.