Amezketan euskaraz bizi gara
Euskararen zabalkunde, garapen eta normalkuntza lanetan ibili direnei esker, egungo euskaldun gehienak euskaraz hazi gara. Jaso dugun lekukoa, gure gurasoengandik, arbasoengandik eta erroetatik datorkigu. Familia, ikasketak, lagunak, aisia, lana… alor guztietan gara eta izan gaitezke euskaldun. Baina euskararen erabilera jaitsi egin da gure kaleetan… orain, euskarak, gu behar gaitu. Gu gara lekuko horren eredu eta ondorengoentzako adibide.
Eman diezaiogun euskarari euskarak ematen diguna
Azken datu ofizialen arabera, amezketarren %88k daki euskaraz, eta kaleko eta etxeko erabileran jaitsiera egon den arren, hizkuntza nagusia izaten jarraitzen du. Belaunaldiz belaunaldi transmititu dugu, eta etxean jaso ez duten ehunka amezketarrek ere ikasi dute.
Euskaraz bizi da Amezketa, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu. Gure bizimoduan aldaketa handiak gertatu dira urteotan, eta hurrengoetan ere gertatuko dira: harreman ereduak, teknologia berriak, biztanle mugimenduak… Aldaketa horiek guztiek zuzenean eragiten diote hizkuntzari, eta, globalizatutako mundu honetan, ezinbesteko izango zaigu euskararen aldeko hautua egitea.
Erakundeok ere badugu zer egina: euskaraz egiteko aukerak zabaltzea eta bultzatzea, eta erraztasunak ematea herritar eta eragileei. Hori da Amezketako Udalaren konpromisoa. Hain justu, bide horretan sakontzeko eta aurrean dauzkagun erronkei egoki erantzuteko, plangintza bat (AROA) osatzeko asmoa du udalak, herritarrekin eta eragileekin elkarlanean.
Lehen pauso gisa, honako galdetegi hau doakizu, euskarari buruzko galdera batzuekin. Azkar betetzeko galdetegia da, eta guretzat ezinbestekoa da zure iritzia jasotzea.
Galdetegia betetzeko epea, martxoaren 11. (Paperean erantzun nahiago duenak, Udal bulegoetan du horretarako aukera)
Plangintzaren estrategiak zehaztu eta ekintzak identifikatzeko, saio ireki bat egingo da eragile eta herritarrekin: Pernando Amezketarra kultur etxean, martxoaren 13an, 18:00etan.