Amezketako historia ezagutzen joateko argazkiak ere tresna baliagarriak zirela jakinda hasi zen Amezketako Udal kultura Batzordea Amezketako argazki zaharrak bildu, digitalizatu eta gordetzen, denok ikusi ahal ditzagun.
Horretan ari zirela ohartu ziren Euskal Herriko mendizaleen aterpe eta bilgune izan den Alberge Bixenten bazirela argazki album batzuk. Jo zuten oraingo Albergeko arduradunengana eta jakin zuten mendi elkarte edo museo bati eman zitzaizkiela dohaintzan, baina ez zekiten zehazki nori.
Jira eta buelta ibili ondoren, jakin zuten EMMOA Fundazioan zituztela dagoeneko digitalizatuta gordeak. Berehala jarri ziren eurekin harremanetan, baita euren dohaintza lortu ere.
Horrela, dohaintza hori ofizialki egiteko, Amezketako udaletxean bildu eta Amezketako alkateak, Mikel Arteagak, zein EMMOA Fundazioko lehendakariak, Antxon Iturrizak, sinatu zuten dohaintza akordioa.
Beraz, Albergeko familiaren eta EMMOAko arduradunen borondate onari esker, argazki horiek guztiak, 3.500 hain zuzen, Amezketako Udalaren esku daude eta hurrengo pausoa izango da Udal Web-gunean ikusgai jartzea.