Gehienok entzuna izango duzue eta askok bere kabiak ikusiak ere bai, orain urte batzuk kanpotik merkantzia ontzi batean etorri eta gaur egun gurean zabaldua dagoen liztor beltza, liztor asiarra edo Vespa Velunita izenekin ezagutzen dena.
Liztor espezie inbaditzaile hau oso ondo egokitu da gaur egungo gure klima atlantiarrera. Bere hozkada eta ziztadak mingarriak eta pertsona batzuengan arriskutsuak izateaz gain, bertako espeziea dugun erle beltzaren (Apis mellifera iberiensis), eztigile bakarraren, harrapakari haundienetakoa da. Erlategietako erlauntzak osorik galbidean jar ditzake, erle guztiak hiltzera kondenatuz.
Liztor beltzak harrapatzea, erlezainen eta erleak maite dituztenen lan haundienetakoa bihurtu da. Baina hala ere, beraien eragina izugarria izaten jarraitzen du.
Hori dela eta, aurreko urtean Belarmendi eta Balerdipeko erlezainen bitartez, eskualde mailako tranpatze batean parte hartu zuen Amezketako udalak. Bertan, hainbat liztor beltz harrapatzeaz gainera, eskualdeko egoeraren argazkia osatzen jarraitzeko datuak bildu ziren. Hurrengo urteetan lagungarri izango delakoan.
Aurten, herri mailako lan konpromezu bat hartu nahi da. Batetik, erle beltzak gizakiarengan duen onura eta naturaren biziraupenean jokatzen duen paper garrantzitsua babesteko asmotan. Bestetik, herritarron egunerokoan ere gero eta eragin haundiagoa daukan liztor beltzaren presentziak eta sortzen dituzten arriskuak murrizte aldera. Planifikatu den lan egiteko moduak emaitza hobeak ekarriko dizkigulakoan gaude.
Lehenengo pausu bezala, neguko lozorrotik esnatzen diren liztor beltz erreginak harrapatzeko, herriko erlezainek gidaturik, herriko puntu ezberdinetan tranpak kokatuko dira. Martxoan hasi eta 12 aste iraungo duen lana izango da. Astero, tranpan erori diren aleak aztertu eta berriro prest utziz.
Lan iraunkor eta garrantzitsu hau ahalik eta modu zabal bezain egokian egiteko, herritarron laguntza ezinbestekoa da.
Espezie inbaditzaile honen inguruan lan egiteak errespetu haundia eman arren, gai honekin interesa duen edonori, deia luzatzen diogu, otsailak 3, asteartea, 19:00etan kultur etxeko areto nagusian egingo den batzar informatibora gerturatzeko.
Batzarrera gerturatzeko aukerarik izan ez bainan informatu edo tranpatzean parte hartu nahi duena, jarri dadila harremanetan Jokin Artolarekin (695712610).

