Arritzaga, Aralarko sustraia eta historia harrigarria izenburupean eta Asier Hilario geologo tolosarra gidari bezala, Amezketako Udalak bi irteera geologiko antolatu ditu Amezketatik Arritzaga bailarara, irailaren 19an eta 26an.

 

Aralar euskal geologiaren ikur garrantzitsu bat da eta bertan dagoen Arritzaga bailaran Euskal Autonomi Erkidegoan ikus daitezkeen egitura geologiko ikusgarrienetarikoak aurkitzen dira, hala nola, fosil ugariz hornitutako arrokak, Aralar mendilerroaren egitura, meategiak, eta guztien artean ezaugarririk bereziena, EAEko bailara glaziar bakarra. Duela 40.000 urte 5 km luzera zituen izotz glaziar batek zizelkatu zuen gaur egun ikusten dugun ibarra.

 

Guzti hau ezagutzeko aukera izango da antolatutako bi irteera geologikoetan eta Asier Hilario geologo eta aditu tolosarra egongo da behar diren azalpen guztiak emateko. Irteerak goizeko 9tan abiatuko dira, Minak bideko aparkalekutik, Beratzeaga zubia baino lehenago dagoena (ETRS89 koordenadak: X=575729, Y=4765522, altuera=408 m) eta arratsaldeko 4ak aldera izango da txangoaren itzulera (beraz, bakoitzak bere bazkaria eraman beharko du).

 

Irailaren 19ko irteera edonorentzat dago antolatuta eta irailaren 26ko irteeran berriz amezketarrek izango dute lehentasuna parte hartzeko. Horretarako Amezketako Udalean izena eman beharko da, bertaratuta edo 943 653189 telefonora deituta,eta partaideen muga 20 lagunekoa da irteera bakoitzean.

 

Hona hemen duela aste batzuk 28. Kanalean Amezketari buruzko erreportaia eta bertan Asier Hilario agertzen da Arritzagako berri ematen: 28 Kanala, Tolosaldean barrena, Amezketa