Urtero legez, urte sasoi honetan, Udalek hurrengo ekitaldiko udal zerga, tasa eta prezio publikoen inguruan zenbait erabaki hartzen dituzte, herritarrengan eragin zuzena izan ohi dituztenak. Amezketari dagokionez, Udalbatzarrak, ostegun honetan, urriaren 15ean egindako bilkuran, ahobatez onartu berriak ditu 2021eko Ordenantza Fiskalak, behin behinekoz, eta dokumentua jendaurrean ikusgai jarriko da hurrengo egunetan, behin Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuta, edozein herritarrek 30 egun balioduneko epean egoki ikusten dituen alegazioak egin ahal izateko.

 

Esan bezala, Ordenantza Fiskaletan udal zergak eta udal zerbitzuen tasa eta prezio publikoak aurrikusten dira, eta hauek Udal aurrekontuaren sarreren % 40 inguru suposatzen dute, hortaz bere garrantzia.

 

Urtero egin izan den proposamenetan Kontsumorako Prezioen Indizearen bilakaera eta beste herriek dituzten karga tasak izaten dira kontutan. Baitere, zerbitzu publiko berrien tasa eta prezio publikoen doiketak egiten dira. Aldiz, 2021. ekitaldiari begira, urte zail honetan, orohar, gizartea nozitzen ari den krisialdia dela eta, adierazle guztien arabera hurrengo urteetan eragina izango duena, Udalak, orokorrean, ordenantza fiskalen karga tasak bere horretan uztea erabaki du, Udalak ulertzen baitu denok egin beharko dugula esfortzu bat egoera ekonomikoari aurre egiteko. Halere, zenbait doiketa eta salbuespen badira eta aurrerago azalduko dira.

 

Horrela, ondasun higiezinen gaineko zerga, jarduera ekonomikoen gaineko zerga, trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zerga eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, udalekuetako prezioak…. 2020an bezalaxe mantenduko dira. Era berean, gogoratu behar zaie herritarrei, zergatan hainbat hobari ere badirela indarrean, adibidez, familia ugarientzat, Eusko Jaurlaritzako alokairurako bideratuta dauden BIZIGUNE eta ASAP programetan sartzen diren etxebizitzetako jabeentzat, energia-eraginkortasunaren A eta B motako ziurtagiria lortzeko birgaikuntza energetikoa edo Eraikinen Ikuskapen Teknikoa EIT-ITE egiten duten etxebizitzetako jabeentzat, gasa edo elektrizitatea erabiltzen duten edo hibridoak diren ibilgailuentzat.

 

Goian aipatu bezalaxe, Udalak, 2021. ekitaldirako zenbait doiketa ere erabaki berri ditu, eta ondorengoak dira:

  • – Trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zergan, motozikleta elektrikoak 125 z.k.rainoko motozikletak kontsideratuko dira.
  • – Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan, hobari berri bat ezarri da; etxebizitzarako den eraikin baten berreraikuntzaren kasurako, eraisketa lanek % 2ko karga tasa izango dute.
  • – Hiri ondakin solidoen bilketa, horien tratamendua eta ezabatzea jasotzen duen tasaren inguruan, zaborren tasa alegia, 2020. urtean zabor bilketaren sistema berria abian jarrita, eta jabetuta, sistema berri hau garbiagoa baina garestiagoa dela, Udalak tasatan gorakada eta beherakada batzuk ezartzea erabaki du, ondoren agertzen den moduan: bilketa zerbitzu osoa duen etxebizitzen tasa 60 €tik 70€ra pasatzen da, landa eremuko etxebizitzen tasa 50€tik 30€ra pasatzen da, eta etxebizitza hutsak 30€tik 50€ra pasatzen da. Konposta norberak egiten duen etxebizitzen tasa, jarduera ekonomikoena eta jatetxe, taberna eta jaki dendetako tasak berdin mantenduko dira.
  • – Gimnasioaren zerbitzuari dagionez, aipatu bazkide guztientzako dutxa izango duen aldagela zerbitzua abian jarriko dela 2021.ean, eta ondorioz, prezio publiko berriak daude, iaz baino 5 € gehiago, eta ez erroldatuentzat, 20 € gehiago.
  • – Azkenik, esan 2021ean ere, 2020an bezalaxe, ur hornikuntzaren hobariaren kasuan, 2015. urtea geroztik abonatu guztiei aplikatzen zitzaien hobaria % 25 jeitsiko dela, baina salbuespen gisa, Arazketa kontzeptuagatik konbratzen zaien abonatuei hobaria bere horretan mantenduko zaiela. Iaz arrazoitu zen bezalaxe, Udalak uste du progresiboki uraren prezio publikoak beste udalerrietan bezalakoa izaten joan behar duela, eta batez ere, uraren saneamendu azpiegituraren lanak, ondobidean 2022. urtearen bigarren seihilabetean hastekoak, Udalari inbertsio garrantzitsuak suposatuko dizkiolako.

 

Udalaren aldetik, erabateko prestutasuna agertu nahi da gai honetan Udaletxera hurbiltzen den edozein herritarrei behar diren azalpen guztiak emateko.