Amezketako Udalak euskara ikasi nahi duten herritarrei diruz laguntzen die eta azkenengo urteetan ohitura izan da udalak zuzenean euskaltegiei matrikula ordaintzea.

 

2023-2024 ikasturtean, berriz, udalak diruz laguntzeko sistema aldatu du eta, inguruko udal gehienek egiten duten moduan, arlo honetako araudira hobeto egokitzen den sistema berria onartu berri du; horrela, hemendik aurrera udalak zuzenean diruz lagunduko dio euskara ikasten duenari, honek matrikula ordain dezan.

 

Sistema berri honetako nondik norakoak, dirulaguntzaren oinarriak alegia, herritar guztien ezagutzarako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren (Hemen oinarriak ikusgai: Euskara ikasteko dirulaguntzak emateko oinarriak) eta bertan dirulaguntza jasotzeko baldintzak jasotzen dira. Oinarrietan jasotzen denaren arabera, euskara ikasteko dirulaguntzaren onuradunak izan daitezke ondorengo bvaldintzak betetzen dituzten amezketarrak: 18 urte edo gehiago izatea, matrikula egiteko datan, HABEk onetsitako zentro batean matrikulatuta egotea, gutxienez % 75eko asistentzia-maila izatea A1, A2, B1, B2 mailatan eta% 80koa, C1 mailan, eta dirulaguntzen onuradun izateko inolako debeku-kausarik ez izatea eta zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta Amezketako Udalarekikoak egunean izatea.

 

Dirulaguntzaren zenbatekoa, berriz, ondorengoa da: A1, A2, B1, B2 mailatan matrikularen %100eko dirulaguntza jaso ahal izango da, 900 euroko gehieneko mugarekin; C1 mailan, matrikularen %80ko dirulaguntza jaso ahal izango da, 500 euroko gehieneko mugarekin; eta azkenik esan C2 maila ez dela diruz lagunduko, ez eta barnetegi bateko egonaldiari dagokion gasturik.

 

Udalak onartutako sistema berri honen arabera, urtero, udazkenaren hasieran epe bat zabalduko da herritarrek eskaera egiteko aurreko ikasturteko matrikulazio gastuak diruz laguntzeko. Horrela, ikastaroaren aprobetxamendua eta presentzia zehaztuta, dirulaguntza azkartasunarekin kudeatu ahal izango da.

 

Amezketa herri euskalduna izaten jarraitzea amezketar guztien ardura da, dakitenek erabiltzea eta ez dakitenek ikastea, gero erabili ahal izateko, baina era berean, euskeraz dakitenen ardura da ere ez dakitenei eta ikasten ari direnei bultzadatxo bat ematea, eta pazientziarekin eta modu errezean, tabernan, dendan, plazan… euskeraz ere zuzentzea, ikasten ari direnak animatuz eta bultzatuz.