Urtero legez, aurtengoan ere Amezketako Udalak 2021-2022 ikasturtean euskara ikastaroak antolatu ditu herrian bertan, Tolosako Aitzol Euskaltegiaren eskutik.

 

Ikasturte berriari begira, azken urteotan bezalaxe, Amezketako Udalak oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako euskara ikastaroen eskaintza zabala egiten du. Europako hizkuntzen markoaren arabera, oinarrizko mailak A1 eta A2 dira, euskeraren ezagutzaren hastapenetan daudenentzat; B1 eta B2 aldiz, erdiko mailakoentzat dira, eta B2 landu ondoren 2. Hizkuntza Eskakizuna titulua eskura daiteke, lanbide askotarako aproposa; azkenik, C1 eta C2 maila aurreratuak daude, eta C2 landu ondoren 3. Hizkuntza Eskakizuna (lehen EGA titulua zena, gaur egun jada desagertuta) eskura daiteke, maila goreneko ikasketen lanbideetarako erabat beharrezkoa. Ikusten denez, euskera ikasteko lehen urratsetan edo hastapenetan dabiltzanei ez ezik, Udalak maila nagusietan euskera ikasteko eskeintza ere zabaldu nahi die 16 urtetik goragoko amezketar guztiei.

 

Izena edo matrikula epea irailaren 17 arte izango da eta Amezketako Udaletxean egin beharko da. Aurten ere, iaz bezalaxe, matrikulak 100€ko kostea du, fiantza modukoa, izena ematean ordaindu beharrekoa, eta ikasturtearen bukaeran ikasleei bueltatuko zaiena, %80ko bertaratzearekin kunplitzen badute (laneko edo gaixotasun arazo ulergarriak alde batera utzita). Neurri honekin Udalak ikasleen konpromezua bermatu nahi du, gerta ohi delako ikastaurtearen hasieran askok izena ematen dutela eta fin hasten direla klaseetan baina gero batzuk utzi egiten dutela, honek Udalari sortzen dizkion antolakuntza eta diruzko kalteekin. Beraz, laburbilduta, klaseetara joan ezkero hauek dohainekoak direla esan behar da.

 

Behin epea amaituta, izena emandako guztiei bilera baterako deia egiten zaie, disponibilitateak eta mailak kontuan hartuta, egutegia, ordutegiak eta taldeak antolatzeko.

 

Amaitzeko esan, batetik, informazio gehiago nahi izanez gero, lasai Udalera hurbiltzea edo deitzea dagoela (943 653189), Aitzol Euskaltegira (943 651006), eta bestetik, herritarrak animatzea, 16 urtetik goragokoak, ikasle, langile nahiz langabetu, euskara ikasteko aukera hau aprobetxatzera.

 

Amezketa herri euskalduna izaten jarraitzea amezketar guztien ardura da, dakitenek erabiltzea eta ez dakitenek ikastea, gero erabili ahal izateko, baina era berean, euskeraz dakitenen ardura da ere ez dakitenei eta ikasten ari direnei bultzadatxo bat ematea, eta pazientziarekin eta modu errezean, tabernan, dendan, plazan… euskeraz ere zuzentzea, ikasten ari direnak animatuz eta bultzatuz.