TEK Amezketa Tokiko Energia Komunitateak berriro ireki du bazkide izateko izen-emate epea. Amezketako bizilagun guztiek parte hartzeko aukera dute, eta horrela, udalerrian sortzen den energia garbiaren onurak jaso ahal izango dituzte, inolako kosturik gabe.

Zumadi eskolako eta Udaletxe–Larrunarri pilotalekuko teilatuetan dauden eguzki-instalazio fotovoltaikoei esker, komunitateko bazkideek duela bi urtetik hona energia %100 berriztagarria eta tokikoa kontsumitzen dute.

Oraingo deialdian, bazkide izateko baldintzak zabaldu dira: orain arte, instalazio horietatik 2 kilometroko erradioan bizi izatea eskatzen bazen, aurrerantzean 5 kilometroko erradioa nahikoa izango da, joan den astean baldintza hori lege bidez aldatu baitzen.

Komunitatean parte hartzeko ez da beharrezkoa etxean edo merkataritzan inolako instalaziorik egitea, eta gainera, proiektua guztiz doakoa da, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta bermatua baita. Doakotasun hori, gutxienez, 2030. urtera arte ziurtatuta dago.

Amezketako energia komunitateak autokontsumo kolektiboko eredua jarraitzen du. Eredu honi esker, gero eta pertsona gehiagok hartzen dute parte trantsizio energetikoan, eta gainera, bazkideek deskontua izaten dute euren argindar fakturan.

Izena emateko epea: abuztuaren 8a arte

Parte hartu edo informazio gehiago eskuratzeko:

  • Webgune ofizialaren bidez
  • Amezketako udaletxean zuzenean
  • Doako telefono zenbakira deituta: 900 859 695 (astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 18:00etara)