Mondejua, Amezketako bihotzetik sortzen den altxor gastronomikoa, gure herriaren eta mendiaren arteko lotura bereziaren isla da. Ez da soilik jaki bat, baizik eta Aralarreko artzaintzaren historia, gure baserrien memoria eta belaunaldiz belaunaldi transmititu den ondare biziaren parte. Mondejuak gure bizitzako une goxoenak ekartzen dizkigu gogora: familian elkartzen garen momentuak, lagunartean partekatutako platerak, eta udazkeneko lehen hotzekin batera, etxeak betetzen dituen usain paregabea.

Mondejuaren historia, herriko artzainek ardiak negurako prestatzeko garaian hasten da. Ardi zaharren eta antzuen aprobetxamenduaren bidez sortu zen plater hau, ardikiarekin guztiz lotutako menu baten oinarria izanik. Etxekoandreek mimoz prestatzen zuten, isilean baina harrotasunez, eta horrela iritsi da gaur egunera. Gure aurrekoek egindako lanari esker, tradizio honek irauten du, eta mondejuak gure iraganari lotuta mantentzen gaitu, gure lurrarekiko harremana elikatuz.

Baina mondejua ez da soilik iragana. Gure herriko identitatea, Amezketaren ikur nagusietako bat, bihurtu da, eta gaur egun ere, plazerez partekatzen dugun esperientzia da. Mondeju eta Ardo Azokarekin, munduari gure altxor hau erakusteko unea iritsi da. Festa honetan, herritarrek eta bisitariek elkarrekin gozatu ahal izango dute mondejua dastatuz, Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako ardo onenekin lagunduta.

Mondejua gustu eta emozioen bidaia da, gure sustraietatik edaten duen platera.

Mondeju eta Ardo Azoka hau Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planaren baitan antolatu da, bertako produktuei balioa emateko asmoz. Azoka honek Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Europar Batasuneko Next GenerationEU funtsen aguntza jaso du, gure gastronomia eta kultura sustatuz. Helburua, turismo jasangarria bultzatzea eta Amezketako altxor gastronomikoak ezagutzera ematea da.

 

Ikusi bideoa lotura honetan: MONDEJU EGUNA 2024