2026rako ordenantza fiskalak onartu zituen Amezketako Udalak eta herriko familiei laguntzeko beste urrats bat eman du familia ugarientzat hainbat hobari onartuz.

Alde batetik, eraikuntza eta obren kasuan %25eko hobaria izango dute familia ugariek eta %40ko hobaria kategoria bereziko familia ugariek.

Ibilgailuen gaineko zergan hobaria %50ekoa izango da familia ugarientzat eta udalekuen kasuan %25eko hobaria haur bakoitzeko.

Ibilgailuen gaineko zergaren kasuan berriz, hobari hori honako baldintzak betetzen dituzten ibilgailuei aplikatuko zaie:

  • Familia-unitate bakoitzeko turismo bakar bati.
  • Ibilgailuak bost plaza edo gehiago izan beharko ditu.
  • Ibilgailua familia ugariko kideren baten jabetzakoa izan beharko da.
  • Familia ugari izaera ofizialki aitortua izan beharko da indarrean dagoen araudiaren arabera.

Interesdunek dagokion eskaera eta beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko dute Udalean:

-Eskaera orria.

-Ibilgailuaren datuak.

-Familia ugariaren liburuxka.

Honez gain, gogoratu nahi dugu 2026ko ordenantzetan lehendik datozen beste hainbat hobari mantentzen direla, hala nola:

  • % 50eko hobaria zergaren kuota osoan, eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuta dituzten ondasun higiezinetarako Hondasun Higiezinen gaineko Zerga arautzen duen ordenantza fiskalean.
  • % 40ko hobaria zergaren kuota osoan, erregai gisa gasa erabiltzen duten ibilgailuentzat eta ibilgailu hibridoentzat (elektriko-gasolina, elektriko diesel edo elektriko-gasa motorrak) eta isurpen kutsagarriak gutxitzeko tresna katalizatzaileez hornituak daudenentzat Mekanikozko Ibilgailuen gaineko Zerga arautzen duen ordenantza fiskalean.

Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga arautzen duen ordenantza fiskaletan honakoak nabarmendu nahi ditugu:

  • % 95eko hobaria zergaren kuota osoan, sute, uholde edo beste edozein motatako hondamendik sortutako kalteen ondorioz eraikin nahiz instalazioetan egin beharreko berreraikuntzazko obrentzako.
  • % 50eko hobaria zergaren kuota osoan, nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerekin zerikusia duten eraikuntza, instalazio eta obrak direnean, baita negutegiak ere.
  • % 25eko hobaria zergaren kuota osoan, udalerrian jarduera ekonomiko berri bat zabaltzeko arrazoiarekin jarduera horretara bideratutako eraikuntza, instalazio eta obrentzako.
  • % 50eko hobaria zergaren kuota osoan, obrak baserri edo hiriguneko eraikin zaharrak berritzeko direnean.