Urte euritsua izan genuen 2024a eta orain, neguan, gure inguruak busti-bustita dauzkagu. Honek ondorioak izan ditu herrian burutzen ari ginen bi lanetan. 

Alde batetik, Larrondoko baso publiko baten erauzketaren ondoren, basoa atera duen enpresa bidea konpontzeko lanekin hasi da Udalaren ikuskapenarekin. Oinarrizko konponketak eta ur bideratzeak egin badira ere, material berria botatzen hasi direnean emaitza ez da ona izan lokatzaren ondorioz. Giro lehorragoa dagoenean materiala bota eta emaitza askoz txukunagoa izango dela ondorioztatuta, momentuan bidea oinarrizko txukunketarekin uztea erabaki da enpresa eta Udalaren artean, eta giroa lehortzen denean material berria botatzeko lanak egitea. Honek esan nahi du hilabete batzuetan bidea ez dela behar bezain txukun egongo, baina epe luzera begira erabakirik onena izango delakoan gaude.

Bestalde, Zumadi eskolako futbol zelaiko konponketetan ere arazoak izan ditugu. Lanak hasi aurretik esan genuen Eusko Jaurlaritzako diru laguntza bat lortu genuela lan hauek aurrera eramateko eta proiektuaren %60a diru laguntza horretatik finantziatuko zela. Diru laguntza hau jaso izanaren berri irailean izan genuen eta lanak abenduaren 31rako bukatu beharra zeuden. Lanak egin behar zituen enpresak, urria dagoeneko okupatuta zeukala, baina, azaroan Amezketara etorriko zela adierazi zuen. Halaxe izan zen eta lanen prestaketari ekin genion Zumadi eskolako zuzendaritzarekin elkarlanean. Enpresak esan zigunaren arabera zoru berriko materialak baldintza batzuk behar ditu emaitza onak emateko: giro lehorra eta tenperatura epelak (gutxienez 10 gradutik gorakoak). Azaroan geundela ikusita eta abenduan lanak amaitu beharra zeudela jakinda, garbi zegoen ez zela momentu ona lan hauek burutzeko, eta Hezkuntza Sailari diru laguntzaren epearen luzapen bat eskatu genion. Bi hilabeteko luzapena eman ziguten, hau da, otsail bukaerara arte. Ez zigun arazoa askorik konpontzen, izan ere, azaro eta abenduko giro antzekoak egin ohi ditu urtarril eta otsailean. Honen aurrean, bi aukera genituen: diru laguntzari uko egin eta eskolako patioa ez berritu edo saiakera egin eguraldiak uzten zigun heinean lanak ahalik eta egokien burutzeko.

Bigarrena hautatu genuen. Hainbat kapa eman behar ziren zoruan eta kapa bakoitza eman aurretik zoruak lehorra egon behar zuen, hau da, kapa bakoitzaren aurretik 2-3 egun lehor eta epelak behar genituen, eta kapa eman ondoren beste hainbeste. Ez ditugu aukera asko izan baina hego haizea egindako egunak aprobetxatuz saiatu gara lanak aurrera ateratzen.

Azkenengo kapa eta pintura lanak falta direnean, lehenengo akatsak agertu dira, eta oraingoz konpondu daitezkeen akatsak diren arren, azkenengo kaparekin aurrera egiten badugu konponezinak izango diren akatsak agertzeko arriskua dago. Aste honetan berriro Hezkuntzarekin harremanetan jarri gara eta egoera azaldu eta lanak ondo egin nahi ditugula adierazi diegu. Eskatu diegu momentuz lanak gelditu, marrak margotu eta patioa erabilgarri jartzea eta eguraldiak uzten duenean lanak amaitzeko aukera ematea. Hezkuntzak onartu digu eskaera eta eskolako zuzendaritzarekin eta eskola kiroleko arduradunarekin hitz egin ondoren halaxe egingo dugu.

Espero dugu hartutako erabakiak ulertuko dituzuela, bai Larrondoko biderako eta bai eskolako patiorako lanak ondo egiteko erabakirik onenak izango direlakoan gaude.